Hollande prest agertu da Europako akordio fiskala blokeatzeko

Neurritasun politikak alde batera utzita Frantzia Europarentzat eredu izan litekeela dio PSko hautagaiak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Krisialdi ekonomikoak eta horrekin lotura duten EB Europako Batasunaren kontuak dira Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainaren gai nagusiak. PS Alderdi Sozialistako hautagai François Hollande prest agertu da EBko estatuek iragan martxoan hitzartutako akordio fiskala blokeatzeko. «Ezin dut onartu neurritasuna izatea araua datozen hamar urteetarako», adierazi dio France Inter irratiari. Bertzeak bertze, defizitari muga paratzea hitzartu zuten EBko kideek. «Akordioa berriz negoziatuko dut», jakinarazi du Hollandek. «Falta zaiona gehitu nahi diot: hazkunderako, ekintzarako, enplegurako, ikerketarako eta berrikuntzarako neurri sail bat».

Herrialde gehienetan nagusitzen ari den murrizketa politikaren aitzinean, Hollande bertzelako diskurtso bat erabiltzen ari da kanpainan, babes politikak mantendu edo areagotzearen aldekoa, bere ezker profila azkartu eta Nicolas Sarkozyrekiko benetako alternatibatzat aurkezteko. Nazioarteko Diru Funtsak herenegun aurkeztutako txostena ere erabili du bere mezua indartzeko: «Neurritasunerako erabakiek ez dituzte soilik hazkunderako baldintzak kaltetuko, kontu publikoak berrezartzen ere ez dute utziko». Horregatik, bera presidente ateratzeak Frantzian ez ezik, Europan ere aldaketa ekarri dezakeela iradoki du: «Frantziako hauteskundeak Europako hauteskundeak izanen dira ere. Frantzian erabakiko denak zeresana izanen du Europaren norabidean».

Gaddafi kanpainan

Sarkozy presidenteak eta UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko hautagaiak, berriz, Muammar Gaddafi Libiako buruzagi ohiarekin lotzen duten informazioei erantzun behar izan die bertze behin. Frantziako Areva konpainiako presidente ohiak erran du 2007an akordio bat egin zuela Frantziak Libiarekin, azken horri teknologia nuklearra saltzeko. Sarkozyk hori ukatu du, eta azaldu du zentral nuklear bat eraikitzeko proiektu bat egon zela, urari gatza kentzeko lantegi bati argindarra emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.