Datorren igandean Frantziako PS Alderdi Sozialistaren presidentetzarako hautagaia nor izango den erabakitzeko lehia uste baino estuago dago, François Hollandek bozen %38 eskuratu baititu hauteskunde primarioen lehen itzulian, eta mezu aurrerakoiagoa eta erasokorragoa duen Martine Aubryk, berriz %31. Hollandek dio 2012ko bozetan Nicolas Sarkozy egungo presidenteari irabazteko aukera gehiago berak dituela, eta babesa eskatu die datorren igandeko bozetarako PS alderdi sozialistako kideei. Inkesta guztien arabera, igandean garaile suertatzen dena Frantziako hurrengo presidentea izango da.
Hollandek alde handiagoa ateratzea espero zen, baina adituek diote haren «epeltasunagatik» eta karisma faltagatik Aubryk tartea moztea lortu duela. Hori horrela, Arnaud Montebourg igandean ezustean hirugarren suertatu zen hautagairen aldekoak erakartzea giltzarria izan daitekeenez, horiek konbentzitzeko kanpaina bat hasi dute bi hautagaiek.
Montebourgek oraingoz ez du argitu boza norentzat eskatuko duen, eta agian halakorik egingo ez duela jakinarazi du. Aubry eta Montebourgek antzeko ideiak dituztela esan dute honen aldekoek. «Aubryren ideien %80 Montebourgen proposamenekin bat datoz», adierazi du Laurent Fabious lehen ministro ohiak. Besteak beste, demokrazia eraldatzeko asmoa eta egungo banku sistemaren aurkako jarrera aipatu ditu. Adituek diote Montebourgen aldeko gehienak Aubryren alde egingo dutela.
Jean-Marie Guen diputatuak, berriz, bigarren itzulian hautesleek duten erantzukizuna gogorarazi du: «Lehen itzulian, bakoitzak bere gustukoenaren alde bozkatu du. Bigarrenean, Sarkozyri irabazteko gai dena aukeratu behar da».
Segolene Royal izan da, bestalde, galtzaile nagusia lehen itzulian, 2007an Sarkozyren aurka lehiatu zena. Bozen %7 baizik ez du eskuratu, eta emaitzak «etsigarriak» izan direla aitortu du. Hautesleen %6k egin zuten Manuel Valls hautagai kontserbadoreenaren alde. Alderdi Erradikaleko Jean Michel Bayletek bozen %1 eskuratu zuen, eta iganderako abstentzioa eskatu du.
Lehen aldiz, PSko militanteez gain, ezkerreko ideiak babesten dituen edonork bozkatu ahal izan du. Parte hartzea esperotakoa baino handiagoa izan da, eta prozesuak Alderdi Sozialista indartu duela diote adituek.
Urte hasieran Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia zen inkesta guztietan faborito sozialisten presidentetzarako hautagaia izateko. Ustez emakumezko bat bortxatzeagatik epaitu egin zuten, eta, absolbitu bazuten ere, lehiatik at geratzea erabaki zuen. Aubryren aldeko boza eman duela jakinarazi du.
Ipar Euskal Herriko emaitzak
Aubry eta Hollande nagusituz, Frantziako joera berdina sentitu zen Ipar Euskal Herrian ere. Hala ere, nahizHollande nagusitu, Aubry oso hurbil gelditu zitzaion bozka bulego anitzetan. Erran behar da, Baionako Henri Etxeto eta AngelukoJean Espilondoren gisara, kostaldeko hainbat hautetsi sozialistek Aubryri erakutsia ziotela sostengua. Zuberoari doakionez, Aubryk zituen boz gehien bildu; erroak Mendikotan ditu (Zuberoa).
Espero baino hiru aldiz hautesle gehiago izan ziren Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Orotara berrogei bat bozka bulego zireneta 10.000 bozkatzailez gora ziren bertaratu. Auzapeza eskuinekoa duten hirietan ere sentitu zen primarioei buruzko interesa. Hala nola Donibane Lohizunen 700dik gora hautesle izan ziren, eta Miarritzen 1.300 lagunek baino gehiagok zuten bozkatu.
Hollande PSko kideak dio Sarkozyri irabazteko aukera gehien duen hautagaia dela
PSren hauteskunde primarioetako lehen itzulia irabazi du, bozen %38rekin; igandean Aubryrekin lehiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu