François Hollandek (PS) gaur goizean hartu du Frantziako presidente kargua, eta ondoren emandako hitzaldian azpimarratu du Europan "bide berri bat" zabaldu nahi duela. "Frantzia munduarekin engaiatuta dagoen nazioa da, eta herri guztiak errespetatuko ditu", adierazi du.
Arratsaldean jakin da Jean Marc Ayrault diputatu eta Naonedeko alkatea izendatu duela lehen ministro. 62 urte ditu Ayraultek eta 1984tik izan da Bretainiako hiri hartako auzapeza. 1997tik Asanblea Nazionalean PSko taldearen kudeaketa lanez arduratu izan da.
"Guztien arteko elkarbizitza" sustatzeko konpromisoa hartu du Hollandek. "Konfiantza mezu bat" igorri nahi izan die herritarrei, eta haiei ari dela esan du Frantzia "herrialde handi bat" dela, eta zailtasunei aurre egingo dietela nabarmendu du.
"Gazteei konfiantza itzultzeko" asmoa agertu du; haren arabera, horiek ezinbestekoak baitira "ekonomiak arrakasta izan dezan".
Etorkizun hurbilari begira, Hollandek uste du herrialdeak "proiektuak, elkartasuna eta hazkundea" behar dituela. "Erabaki publiko bakoitza hartzeko irizpide bakarra Justizia izango da", gaineratu du. "Produkzioa espekulazioaren aurretik jartzeko ordua da, etorkizuneko inbertsioa egungo pozaren aurretik jartzekoa, enplegu iraunkorra berehalako etekinaren aurretik kokatzekoa".
Nicolas Sarkozy (UMP) orain arteko presidentearekin parte hartu du ekitaldian Hollandek. Ekitaldia 10:00etan hasi da, Parisen, eta desfile militar batek amaitu du. Duela hamazazpi urte egon zen agintean azkenekoz presidente sozialista bat Frantzian: François Miterrand.
Arratsaldean Alemaniara abiatu denean Angela Merkel kantzilerrarekin bilera egiteko, bidaian zela tximista batek haren hegazkinaren kontra jo du, eta Hollande Parisera itzuli da, beste hegazkin bat hartzeko. Arratsean iritsi da Berlinera.
Maiatzaren 6an izan zen Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta PSko hautagaiak %51,6ko babesa jaso zuen.