Frantziako Poliziak ijitoen bi kanpaleku desegin zituen atzo, Lille hiritik gertu. 200 pertsona inguru bizi ziren kanpaleku horietan. Baina Lillekoak ez dira aste honetan Jendarmeriak erretirarazi dituen kanpamentu bakarrak, astelehen eta asteartean erabaki bera hartu baitzuen Lyongo bi kanpalekuren eta Paris kanpoaldeko beste baten inguruan. Bost kanpalekuetan bizi ziren ijitoak kanporatu egingo dituzte Frantziatik. Alor horretan, Nicolas Sarkozyren bidetik jarraitzea erabaki du gobernu sozialistak.
Sarkozy Frantziako presidente zela, 2010ean 500dik gora kanpamentu desegin, eta Bulgariako eta Errumaniako 10.000 ijito inguru erbesteratu zituzten. Erabaki horren ondorioz, eztabaida handia sortu zen Frantzian. Oposizioak gogor kritikatu zituen Sarkozyk hartutako neurriak; «populistatzat» jo zituen. Alderdi Sozialistak, esate baterako, Frantzia «irudi arbuiagarria» ematen ari zela esan zuen, eta «estatu arrazakeriaz» hitz egin zuen.
Europako erakundeen partetik ere ohartarazpen ugari jaso zituen Sarkozyren gobernuak.NBE Nazio Batuen Erakundeak kanporatzeak uzteko eskatu zion eta EB Europako Batasunetik ere kritikak iritsi zitzaizkion. Iazko azaroan, berriz, Europako Kontseiluak adierazi zuen Frantziak erakunde horren Agiri Soziala hautsi zuela. Diskriminatzea leporatu zion Parisi, eta etxebizitza zein familia eskubideak ez errespetatzea. Kritikak kritika, François Hollande sozialista buru duen gobernuak ijitoen kanpamentuak desegiteari ekin dio.
300 euro bakoitzari
Nord-Pas-de-Calais eskualdeko gobernu ordezkari Dominique Bur-ek duela aste batzuk iragarri zuen atzo desegindako Lilleko bi kanpamentuak husteko asmoa zutela. Han bizi ziren herritarrak kanporatzeko agindua joan den astean eman zuen epaile batek. 150 poliziak atzo bete zuten epailearen agindua. Manuel Valls Frantziako Gobernuko Barne ministroak adierazi du epaitegien aginduak «irmoki» betetzea dela gobernuaren zeregina.
Aste honetan Lyonen, Parisen eta Lillen Poliziak erretirarazi dituen kanpalekuetan bizi ziren ijitoak euren herrialdeetara itzultzera «gonbidatuko» dituzte. Sarkozyren gobernuak 2007an martxan jarritako kanporatze programa onartzen duen heldu bakoitzari hegazkinerako txartela eta 300 euro ematen dizkiete, eta adingabeei, 100 euro. Atzo, esaterako, Lyongo aireportutik 240 errumaniar atera ziren Bukaresterantz. Programari jarraikiz, hurrengo egunetan bide bera egingo dute gainontzekoek.
Bere garaian, programa hori ere salatu zuten sozialistek. Haien arabera, arazoa lekualdatzea soilik lortzen zen neurri horren bidez. Sozialisten ustez, kanporatuek etorkizuneko aukerarik ez zuten ikusiko jatorrizko lurraldeetan, eta berriro Frantziara itzuli beharko zuten.
Asko beren gogoz kontra kanporatzen bazituzten ere, gobernuak «borondatezko etxeratze» deitu zien kanporatzeei. Kasu horietan, Europako Batasuneko herritarrak izan arren Frantzian egon ahal izateko lan kontraturik ez zeukatela argudiatu zuen.
Kritikak Hollanderi
Ijitoen kanporatzeengatik, berehala egin dizkiote kritikak Hollanderi. Ijitoekiko Elkartasuna elkarteko bozeramaile Sthepanie Bocketek salatu egin ditu ijitoen inguruan hartutako neurriak. Hauteskundeetako kanpainan Hollandek erabilitako Aldaketa orain da leloari buelta emanez gaitzetsi du Frantziako presidentearen jarrera Bocketek: «Aldaketa ez da orain».
Giza Eskubideen Ligako Roseline Tiseten ustez, ez da onargarria ijitoekin hitz egin aurretik haiek herrialdetik kanporatzea erabaki izana. Nabarmendu du Hollandek ez duela bete hauteskunde kanpainan erakundeei esandakoa. Bestelako aukerarik ez aztertzea leporatu dio Tisetek Frantziako presidenteari.
Hollanderen gobernuak ijitoen bost kanpaleku desegin ditu Frantzian
Sarkozyk martxan jarritako programari jarraituz, sozialistek herrialdetik botako dituzte ijitoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu