Ezkontza eskubidea eskuratzeko bidean garaipen bat lortu dute Kaliforniako (AEB) gay eta lesbianek. Izan ere, Vaughn Walker epaileak bertan behera utzi du 8 Proposamena izeneko legea, hots, ezkontza gizon eta emakume baten artean soilik gerta daitekeela zehazten duena. Walkeren iduriko, AEBetako Konstituzioak lehenesten duen eskubide berdintasuna urratzen du 8 Proposamenak eta baztertzeailea da. Horrenbestez, homosexualen arteko ezkontzak legezko eta baliozkotzat jo ditu.
Hain zuzen ere, Kaliforniako estatuan sexu berekoen ezkontzak baimendu ondoren erabaki horren kontra jo zuten hango gizarteko sektore kontserbadoreenek, eta 8 Proposamena izeneko arau hori bultzatu zuten. Herritarren gehiengoak (%52,2) arau horren alde egin zuen erreferendumean, hots, ezkontza gizon eta emakume banaz osatutako bikoteari mugatzearen alde.
Orain, Walkeren erabakiaren aurka helegitea aurkezteko aukera dute homosexualen ezkontzaren kontrakoek, eta ziurrenera, hala egingo dute. Horrenbestez, AEBetako Auzitegi Nagusiak eman beharko du ziurrenik azken erabakia. Erabakia atzeratu egingo dela-eta, oraingoz Walker epaileak ez die ezkontzeko baimenik eman homosexualei.
Hala ere, garrantzi handikotzat jotzen da epaile federalaren epaia, aurreneko aldia delako Konstituzioa aipatzen dela sexu berekoen ezkontzen alde egiteko eta Kalifornia AEBetako estatu handiena delako.
Barack Obama AEBetako presidentea eta Arnold Schwazenegger Kaliforniako gobernadorea pozik agertu dira epailearen erabakiarekin, sexu berekoen ezkontzen aldekoak baitira biak.
Eskubideak
Homosexualen ezkontzak bermatu ditu Kaliforniako epaile federal batek
Sexu berekoen ezkontzak eragozten aldera 8 Proposamena izeneko legea onartu zuten 2008ko azaroan erreferendumean Kaliforniako herritarrek, eta arau hark esaten zuen ezkontza gizon eta emakume baten artekoa izan zitekeela soilik. Lege hori AEBetako Konstituzioaren kontrakoa dela iritzita bertan behera utzi du Vaughn Walker epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu