India

Homosexualitatea despenalizatu du Indiak

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du 1861ean Ingalaterrak bere kolonia zenean jarritako legea. Legeak zioen zigortu egin behar zirela "gizonekin, emakumeekin edo animaliekin izandako naturaren kontrako haragizko harremanak".

LGTBI kolketiboko kideak, kalean, erabakia ospatzen. DIVYAKANT SOLANKI, EFE
2018ko irailaren 6a
07:46
Entzun

Zigor Kodeko 377 artikuluak ez duela balio ebatzi du gaur Indiako Auzitegi Gorenak. Lege horretan oinarrituta 2013an ateratako zigor epai bat baliogabetu du Gorenak. Aho batez hartu dute erabakia epaimahaia osatzen duten bost epaileek, eta bakoitzak testu bana idatzi dute beren arrazoien berri emateko. Denek diote 377 artikuluak ez duela balio. Dipak Misra da epaimahai burua, eta argi adierazi da bere epaian: "377 artikulua arbitrarioa da. LGTB kolektiboko kideek gainerako herritarren eskubide berberak dituzte".

Indiarekin, munduan 124 herrialde dira homosexualitatea ez dena delitu. 71 herrialdetan zigortzen da sexu berekoekin harremana izatea, eta haietako zortzitan heriotz zigorra ere ekar lezake. Munduko herrialde gehienetan ez dago inolako araudirik; ez onartzeko eta ez zigortzeko.

New Delhiko epaitegiak 2009an baliogabetu zuen lege hori, Konstituzioaren kontrakoa zela esanda. 2013an, baina, balioa eman zion Auzitegi Gorenak, beste epai batean. Gaur, bertan behera utzi du Gorenak, eta aldaketarik ez da egongo, Narendra Modi Lehen Ministroak erabakia errespetatuko zuela iragarri baitzuen.

Zaharra zen legea, eta ez zen auzitegietan prozedura asko abiatzen, baina LGTB kolektiboek salatu izan dutenez, poliziak asko erabiltzen zuen beraiei mehatxu egiteko. Araua baliogabetuta, pozik daude, berdintasunerako bidean urrats garrantzitsua izango delakoan.

"Sexu homosexuala zigortzea irrazionala eta defendaezina da", argudiatu du Misra epaileak. "Bi helduk beren borondatez izan nahi duten edozein harremanek ezin du konstituzioaren kontrakoa izan". Indu Malhotra epaimahaiko kidea hare aurrerago joan da: "Historiak barkamen eskaera bat zor die LGTBI kolketiboko kideei eta beraien familiei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.