Kataluniako prozesu subiranista

Homs: "Edozer egiteko prest gaude zerrenda bakarrak aurrera egin dezan"

Generalitateko bozeramaileak “barkamena” eskatu du azken egunetan erakutsitako batasun faltagatik, eta hauteskundeetarako zerrenda bakarraren ideia defendatu du.

Francesc Homs Generalitateko bozeramailea, aurreko agerraldi batean. TONI GARRIGA / EFE
2014ko urriaren 16a
07:54
Entzun

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko eledunak balizko hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda bateratua osatzeko proposamena berretsi eta defendatu du. Alde horretatik, gainera, “edozer egiteko prest” daudela ziurtatu du Homsek, eta negoziaziorako borondatea erakutsi du, proposamenak aurrera egin dezan: “Ez gaude inorri baldintzak jartzeko egoeran”. Bide beretik, ez du baztertu balizko zerrenda horretan gizarte zibileko ordezkariek parte hartzea. Generalitateko bozeramaileak hurrengo hilabeteetako erronkaren dimentsioa nabarmendu du, gainerako alderdiei ardura eskatuz: “Hain da handia eremu honetan egiteke daukaguna, hain denona, alderdi guztiak elkartzea komeniko lukeela, laguntzeko eta ez hainbeste [prozesua] protagonista izateko”.

Generalitateko eledun eta CDCko kideak, edonola ere, orain arte egindako lana eskertu die kontsultaren aldeko alderdiei: “Egiten ari garen gauza on guztiak, azaroaren 9ko kontsultatik hasita, lepoa jarri duen mundu guztiari esker egin ditugu”. Zehazki, ERCren papera nabarmendu du, “orain arte egindako lan guztia publikoki” eskertuz, baina CUP, ICV eta “azaroaren 9an bozkatu behar dela ulertzen eta konpartitzen duten” sozialista askoren lana ere goraipatu du.

Bestalde, azken astean kontsultaren aldeko alderdiek erakutsitako batasun falta izan du hizpide Homsek, barkamena eskatzeko: “Azken egunetan ez dugu irudi onik erakutsi, eta nik, tokatzen zaidan aldetik, barkamena eskatu nahi diot jendeari. Ezin dugu berriro halakorik egin”. Alde horretatik, azken egunetan ANCk eta Omnium Culturalek “belarritik tira egin” dietela onartu du Generalitateko bozeramaileak, eta jarrera hori eskertu die talde horiei, haien betebeharra dela iritzita.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.