Protestak izan dira, baina Frantziatik Alemaniara 123 tona hondakin nuklear zeramatzan trena iritsi da azkeneko geltokira: Dannenberg herrikora -Alemania iparraldea-. Orain materiala handik Gorlebengo biltegira eramango dute kamioi berezietan. Dannenbergetik hogei kilometrora dago biltegia, eta biharko guztia pronto izateko aurreikuspena egin dute arduradunek.
Trena azaroaren 5ean irten zen Frantziatik, La Hague zentraletik, eta hurrengo egunean bertan 50.000 lagun bildu ziren Dannenberg hirian protesta baketsu bat egiteko nuklearren aurka.
Protestak eta hondakinen bidea oztopatzeko ekintzak aurreikusita, Alemaniako Poliziak 20.000 polizia mugitu ditu treneko segurtasun berma dezaten. Horretaz gain, ibilgailuaren bidea ezkutuan eduki dute istiluak saihesteko asmoz. Hala ere, atzo hiru mila lagunek trenaren bidaia etetea lortu zuten, trenbidean eserita. Poliziak banan-banan erretiratu zituen. Beste mila bat lagunek Gorlebengo sarrera bokatua dute.
Biltegia duela hogei bat urte inauguratu zuten, eta haren helburua urte gutxian desagertzea zela nabarmendu zuten agintariek. Geroztik, baina, biltegia behin betiko bilakatzeko zurrumurruak zabalduz joan dira, batez ere Angela Merkel kantzilerrak zentral nuklearren bizia luzatzeko asmoa iragarri zuenetik.
Hogei urteotan biltegian hondakinez beteriko 86 edukiontzi egon dira.
munDUA
Hondakin nuklearren trena azkeneko geltokian da
Dannenberg herrira heldu da gaur, eta orain 123 tona hondakin kamioi berezietan eramango dute Gorlebengo biltegira. Nuklearren aurkako lagunek protestak egiten jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu