Hondoratutako ontziko erregaia isur daitekeela ohartarazi du Erromak

Larrialdi egoera jarriko du Italiako Gobernuak; itsas konpainiak aitortu du «gizakiaren hutsa» izan dela

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Francesco Schettino Costa Concordiako kapitainak ez zuen sekula pentsatuko egin duenak gertatutakoaren erdia ere eragin zezakeenik. Giglioko biztanleentzat ez zen arrotza uharteko herritarren eta Schettinoren ontziko turisten arteko agurra, eta joan den ostiralean zain zeuden. Baina uharteko biztanleenganako keinua garesti atera zaio oraingoan: erahilketagatik atxilotuta dago; hondoratutako ontziaren erregaiaren isuriak hondamen ekologikoa eragin dezake, eta gainera, itsasontzitik arriskuan zeuden bidaiariak ateratzea lortu aurretik alde egin izana leporatzen diote.Sei dira dagoeneko hildakoak, eta hamabostek desagerturik jarraitzen dute. Atzo erreskate lanak eten zituzten goizean itsaso txarragatik, baina arratsaldean jarraitu zuten bizirik egon daitezkeenen bila. Gauean geratu ostean, gaur goiz-goizetik dira berriz ere lanean jarraitzekoak.

Ontziak zeramatzan 2.300 tona erregai isurtzeko arriskuaz ohartarazi du Italiako Ingurumen ministro Corrado Vlinik, eta inguruan larrialdi egoera indarrean jarriko duela jakinarazi du, trasantlantikotik likidoa ateratzen hasi dela baieztatu ondoren. Larrialdi egoera ezartzeak itsasontziko erreskate lanerako diru publikoa erabiltzea ahalbidetuko du, hondamendi ekologikoa saihesteko.

Giglioko lankide bat omentzearren gerturatu zen kapitaina uhartera. Italiako komunikabideek nabarmendutakoaren arabera, ontziko jatetxeetako arduradunaren arreba Patrizia Tivolik ostiralean21:08an Facebooken hauxe idatzi zuen: «Concordia hemendik gutxira Gigliotik gertu igaroko da. Agur bero bat nire anaiari, azkenean Savonan lehorreratu eta oporrak izango ditu eta». Minutu batzuk beranduago, itsasontziak harkaitz bat jo, eta hondoratzen hasi zen gehiegi gerturatzeagatik.

Costa Cruceros ontziaren konpainiak onartu du «gizakiaren akatsa» egon dela ezbeharrean. Nabarmendu nahi izan du, hori bai, kapitainak egindako maniobra ez zuela konpainiak ez onartu eta ezta gutxiago agindu. Ibilbidetik atera zela.

Kapitainaren keinua

Kapitainak lankideari mesede bat egitearren Gigliora gerturatzea ez dela berria esan zuten larunbatean bertan uharteko hainbat biztanlek; ez zutela inolako zalantzarik kapitainaren errua zela gertatutakoa, bidetik ateratzeko ohitura ez zela berria. Joan den abuztuan alkateak, Sergio Ortellik, Giglionews komunikabide digitalean idatzi zion kapitainari eskerrak emanez, Giglio ondotik igarotzeagatik, turista gehien dagoen sasoian.Alkatearen ustez,«hala ere, inoiz ez da horrenbeste gerturatu», etagarrantzia kendu die aurretiko ustezko arduragabekeriei.

Istripua izan ondoren kapitainak izan duen jarreraren gainean ere asko hitz egin dute Italiako komunikabideetan. Konpainiak ez du baieztatu nahi izan kapitainak bidegabeki jokatu zuela. Haren arabera, eskifaiak egin behar zuena egin zuela esan du; hainbat bidaiarik, berriz, aurkakoa esaten dute, eta oro har, istripuaren ondoren eskifaiak izandako jarrera salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.