Herrialdea, baina, zatituta dagoela ezin da ukatu eta agerian gelditu zen hori igandean. Tegucigalpa hiriburuan erresistentziaren edo de facto-ko gobernuaren jarraitzaileen auzoak izan, guztiz ezberdina zen giroa: aurrenekoetan hutsik zeuden kaleak eta tarteka istiluren bat edo beste izan zen; besteetan, berriz, lasaiagoa zen giroa eta botoa ematera zihoazen herritarren joan etorria sumatzen zen. Batzuetan eta besteetan, hala ere, militar eta polizia ugari zegoen. San Pedro Sula hirian, berriz, erresistentziaren aldeko manifestazioa sakabanatu zuen Poliziak. Manuel Zelaya iragan ekainaren 28an agintetik indarrez kendutako presidentearen jarraitzaileek, izan ere, boikoterako deia egin zuten.
Bozen emaitzen inguruko iritzi erabat kontrajarriak ere zatiketa horren erakusle dira; bereziki, abstentzio mailaren inguruko datuena. Zelayaren arabera, parte-hartzea %30 eta %35 artekoa izan da eta, hartara, emaitzak ez dira zilegi: «Hauteskunde hauek ez dute sistema demokratiko bat ordezkatzen eta, beraz, bertan behera utzi behar dira». Hauteskunde Auzitegi Gorenak, berriz, parte-hartzea %61,3koa izan dela jakinarazi du, azken bozetan baino zazpi puntu handiagoa-%54koa izan zen 2005ean-. Bozak erabateko «arrakasta» izan dira erakundearentzat.
Nazioartea zatituta
Honduras ez ezik, baina, nazioartea bera ere zatituta agertu da, eta herrialde batzuek bozak sostengatu dituzte eta beste batzuek salatu. Latinoamerikan ezkerreko eta eskuineko gobernuen artean dauden ildo erabat ezberdinen isla izan da bozen aldeko edo kontrako jarrera hori eta, akaso, hor ageri da zatiketa nabarmenena. Brasil, Bolivia, Ekuador, Nikaragua eta Venezuela daude emaitzak onartzen ez dituzten herrialdeen artean. Kolonbiak eta Panamak, berriz, jada aurreratu dute presidente berria onartuko dutela. AEB Ameriketako Estatu Batuek bozak krisi politikoari irtenbidea emateko bidea izan direla esan eta babesa eman diote Lobori. Europako Batasunak, berriz,iritzi lausoagoa plazaratu du; bozak «lasaiak» izan direlako «pozik» dela esatera mugatu baita.
Ugari izan dira bozen zilegitasuna auzitan jarri duten analista politikoak demokraziaren oinarriak hautsi direla argudiatuta. Manuel Torres aditua kezkatuta agertu da azken batean bozek estatu kolpea eman dutenak legitimatu dituztelako: «Zigorrik gabe gelditu dira kolpistak eta hori aurrekari bat da ez bakarrik Hondurasentzat; Latinoamerika osoarentzat ere».
Lobok ez duela inor barne auzietan sartzen utziko esan du; Venezuelari erreferentzia argia eginez.
Soslaia
Porfirio LoboGogorra eta zorrotza
Hondurasko krisi politikoan orain arte Manuel Zelayaren eta Roberto Michelettiren izenak izan dira entzutetsuenak; Porfirio Lobo Pepe-rena, berriz, hemendik aurrerako agertokian sartuko da. Nazioartearentzat ezezaguna bada ere, ez da horrela hondurastarrentzat, hango politikako beteranoa baita. Azkenean, presidentetza eskuratu du, bigarren aldian, gutxigatik irabazi zion-eta 2005. urtean Zelayak: botoen % 3,3ko aldeagatik.Orduz geroztik oposizioan egon da, eta Alderdi Nazionaleko hautagai moduan aurkeztu daberriz ere hauteskundeotan, Cambio ya leloarekin (Aldaketa lehenbailehen). Segurtasuna izan da oraingoan ere gai nagusietakoa, baina leundu egin du 2005eko mezua. Giza eskubideen aldeko aldarria egin zuen, baina heriotza zigorra defendatu zuen sutsuki, eta delinkuentziari «gogor» erantzungo ziola.
Lobok orain «batasuneko gobernua» osatuko duela esan du, eta herria baketuko duela. Michelettirekin eta Zelayarekin hitz egin beharraz jardun da hauteskundeak irabazi aurretik, baina ekainaren 28an izandako gertaerak ez ditu estatu kolpetzat onartu, eta ez du argitu nola osatuko duen batasun gobernu hori. Kanpainak iraun duen bitartean ere, Hondurasen itxura normalizatua eman nahi izan du, eta hauteskundeak «inoiz baino garbiagoak» izan dira haren ustez.
Hartuko dituen neurrien artean amnistia egongo dela diote adituek; amnistia, estatu kolpearen alde batera zein bestera egon direnentzat, ahaztu nahi duelako gertatutakoa. Urtarrilaren 27rako osatu beharko du krisi ekonomiko izugarria eta gizartea zatiturik duen herriarentzat gobernua.
AEBekin harremanak sendotzea du obsesioetako bat; herri harekin merkatu askearen ituna sinatzeko asmoa jada agertu du. Segurtasuna bermatzeko, berriz, polizia gehiago jarri nahi du; industria garatu eta lanpostuak sortuko dituela ere agindu du, baita pobrezia %10ean jaitsiko duela ere.
Lobo eskuinean sentitzen da gustura, eta politikan esperientzia handikoa da. Alderdi Nazionalistan 60ko hamarkadatik egindako ibilbideak baieztatzen du hori. Lehenik Olanchoko eskualdean, eta gero Hondurasko Legebiltzarrean. Bere herriaren egoera hobetzeko erantzun «gogor eta zorrotzak» maite dituela esan du.
Nekazari, abeltzain, politikari, eta unibertsitateko irakasle da, karateko gerriko beltza izatearekin bat. Ibilbide luzea egina du enpresen gestioan. Horixe ikasi zuen Miamin eta Sobiet Batasunean. 61 urte dauzka, hiru aldiz ezkondu da, eta 11 seme-alaba ditu. AMAGOIA MUJIKA