Hondurasko egoera «kezkagarriaz» ohartarazi dute

Etxeratze agindua urratzea leporatuta, 820 lagun atxilotu dituzte; Zelaya ezin izan da lurreratu Hondurasen

Erredakzioa
2009ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hondurasen joan den ekainaren 28an boterea legez kanpo hartu zutenak gero eta baztertuagoak daude nazioarteko komunitatean. Rigoberta Menchu Guatemalako Bakearen Nobel saridunak giza eskubideen aldeko eragile talde batekin izan da herrialdean, eta egoera «kezkagarria» dela ohartarazi du. Etxeratze agindua urratzea leporatuta, 820 lagun atxilotu zituzten atzo Tegucigalpan.

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak jakinarazi du ezin daitekeela onartu «Konstituzioan xedatu denaz kanpo boterean aldaketak egitea». Herritarrek, bestetik, askatasunez protestatzeko eskubidea dutela defendatu du idazkari nagusiak, adierazpen askatasuna «demokraziaren funtsezko printzipio bat baita». Hondurasen azken egunotan izandako gertakariengatik «triste» dagoela azaldu du. «Herrialde honetan agintzen dutenei zinki eskatzen diet herritarren bizia eta segurtasuna gerizatzeko, horiek ahalak izan beharko luketelarik euren nahikaria libreki adierazteko, beldurpean edo mehatxupean atxikiak izan gabe».

AEE Amerikako Estatuen Erakundea Honduras elkartetik kanporatzekoa zen atzo. Alabaina, herrialdea batasunetik kanpo botatzeko erabakia hartu aurretik, bertatik ateratzea ebatzi zuten joan den larunbatean herrialdeko agintariek. AEEko idazkari nagusi Jose Miguel Insulza Hondurasen izan zen larunbatean, eta Manuel Zelaya legez hautatutako presidentearen ordez militarrek boterean jarritako Roberto Michelleti atzera egitera konbentzitzeko saioetan aritu zen, harekin eta beste agintariekin egun osoan bilerak eginda. Alferrikako izan zen.

Zelayari ez diote itzultzera utzi

Hondurasen agintea hartu dutenek, AEEtik ateratzeko erabakia hartzeaz gain, nazioarteko komunitatearen salaketei muzin egin diete. Manuel Zelaya kargutik kendutako presidentearen itzulera ere galarazi dute. Izan ere, Washingtondikhegazkinez abiatu zelarik, Zelaya Hondurasko hiriburu Tegucigalpako aireportuan lurreratzen saiatu zen igandean. Militarrek, baina, aireportuko pistak trabatu egin zituzten, eta Zelayak atzera egin behar izan zuen. Nikaraguan lurreratu zen. Managuan, Insulzarekin batera, Argentina, Ekuador, El Salvador, Paraguai eta Nikaraguako presidenteekin, hau da, Cristina Kirchner, Rafael Correa, Mauricio Funes, Fernando Lugoeta Daniel Ortegarekin, hurrenez hurren, bildu zen. Igandean asmo horretan huts egin arren, Hondurasera itzuliko dela ziurtatu du Zelayak, «gaur ezin bada, bihar edo beste egunen batean». Anartean, haren bi jarraitzaile hil ziren aireportuan segurtasun indarrekin izandako liskarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.