Kartzelan piztutako sutetik ihes egin ezinda hil dira Comayaguan (Honduras) gutxienez 357 lagun. Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen astearte gaueko hamaiketan hasi —bertako ordua— eta suhiltzaileek goizaldeko hiruretan itzali zuten sua. «Ez da presoen matxinadarik egon; hainbat moduluk su hartu zuten, eta ikertzen ari dira zerk eragin zuen», azaldu du Danilo Orellana Hondurasko espetxeetako zuzendariak. Sutea zirkuitulabur batek eragin zezakeela esan du, berriz, Hector Ivan Mejia Hondurasko Segurtasunaren Idazkaritzaren bozeramaileak. Porfirio Lobo Hondurasko presidenteak kargutik kendu ditu «behin-behinean» kartzelako arduradunak, eta AEE Amerikako Estatuen Erakundeak giza eskubideen batzorde bat bidaliko du bertara, sutearen kausak aztertzera.
Albistea jakiteaz batera, presoen ehunka senide pilatu dira kartzelaren aurrean, poliziei garrasika, barrura sartu eta gorpuak etxera eramaten lagatzeko eskatzen. Poliziaren ezezkoari harrika erantzun diete senideek haserre. Kartzelako langileen jarrera salatu dute presoen familiako kideek, sutea piztu zenean ziegak berandu zabaldu zituztela leporatuz. Agintariek aitortu dute gehienak ketan itota hil direla.
«Pazientzia» eskatu die kartzelaren harresira hurbildu diren familiei Pompeyo Bonilla Segurtasun ministroak. «Badakit mina dagoenean zaila dela pazientzia izatea, baina familiei eman aurretik identifikatu egin behar ditugu gorpu guztiak». Hain daude hildako asko, hotz ganberak eskatu behar izan dizkiote Tegucigalpari —hiriburutik 90 kilometro iparraldera dago Comayagua—. Orellanak azaldu du seguruenik futbol zelai batean bilduko dituztela gorpu guztiak, asko direnez «leku handi bat» behar dutelako.
Presoen pilaketa agerian
Sutearen ostean kaosa da nagusi, eta hildako kopurua ere ez zen zehatza atzo gauean. «357 hildako daudela uste dugu», esan zuen Fiskaltzaren idazkari Daniela Ferrarak. Lucy Funes auzitegi medikuak, berriz, gutxienez 275 hildako zeudela adierazi zuen ordu batzuk lehenago, bere datua «hasierako txostenekoa» zela eta biktima gehiago egon zitezkeela nabarmenduz. Gainera, Mejiaren esanetan, «baliteke preso batzuek ihes egin izana» suteak eragindako nahasmendua aprobetxatuz. «Zenbaketa orokorra egin ostean jakingo dugu ea zenbat presok egin duten ihes kartzelatik».
Presoen zenbaketek, ordea, espetxeko arduradunen arduragabekeria laga dute agerian. Izan ere, 800 eta 900 preso artean zeuden espetxean sutearen unean, zentroaren gehienezko ahalmenaren bikoitza. Bizirik atera diren preso asko eta askok sabaia apurtu eta hainbat solairutako altueratik egin zuten salto kanpora, senideek azaldu dutenez. Guztira, hogeita hamar preso inguru eraman dituzte Comayaguako eta Tegucigalpako ospitaleetara erredura larriekin.
Comayaguakoa ez da ohiko kartzela. San Pedro Sula Hondurasko hiriburu ekonomikoa Tegucigalparekin lotzen duen errepidetik 500 metrora dago, eta neurri batean, etxalde moduan funtzionatzen du. Besteak beste, txerriak zaindu eta barazkiak landatzen dituzte presoek.
Hondurasko kartzela bateko suteak 357 preso hil ditu
Zirkuitulabur batek eragin du, ustez, sua, eta ketan itota hil dira gehienak; preso batzuek, gainera, ihes egin dute espetxetikPresondegian 800 eta 900 preso artean zeuden, onartutakoaren bikoitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu