Oscar Arias Costa Ricako Gobernuko presidenteak Hondurasko krisia amaitze aldera hainbat proposamen egin ditu, besteak beste Hondurasek amnistia ematea auziarekin zerikusia dutenei, baina Parlamentuak, oraingoz behintzat, amnistiari buruzko eztabaidaz ere ez du hitz egin nahi. Gaur ziren horretaz aritzekoak, baina Legebiltzarrak atzeratu egin du. Batzorde batera pasatu dute gaia, honek azter dezan.
"Ariasen proposamenaren arabera, diputatuei amnistiaz iritzia emateko eskatzen diete, besterik gabe", esan du Alfredo Saavedra Parlamentuko presidenteak.
Hondurasko armadak, estatu kolpea emanda, ekainaren 28an Gobernuko presidente kargutik kendu zuen Manuel Zelaya, eta Legebiltzarrak Roberto Micheletti jarri zuen gobernuburu. Amerikako gobernu gehienak Zelayaren alde azaldu dira, eta hori Costa Rican dago orain, Hondurasko mugatik gertu.
Ariasek, halaber, Honduraserako batasuneko gobernua proposatu zuen lehengo astean, krisi politiko eta instituzionalari konponbidea emateko nahian, baina ez dirudi ideiak aurrera egingo duenik, Zelayaren iturriek "elkarrizketak porrot" egin duela adierazi baitute. Costa Ricako buruaren arabera, presidente Zelayak izan behar du, eta ondoren batasuneko gobernua osatu beharko luke. "Bestela, Honduras Amerikako Albania edo Ipar Korea izango da, isolatutako herrialdea, nazioartearen babesik eta laguntzarik gabekoa".
munDUA
Hondurasko Parlamentuak amnistiaz ere ez du eztabaidatu nahi
Atzeratu egin du Costa Ricako Gobernuko presidenteak egindako proposamen hori ere. Gaiaz hitz egiten badute, diputatuek iritzia emango dute, "besterik gabe". Manuel Zelaya presidente ohiak Hondurasko mugatik gertu segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu