Egunak igaro ahala, geroz eta zailagoa da bizirik dauden pertsonak erreskatatzea Japonian. Tenperatura baxuek eta eguraldi kaskarrak are gehiago zaildu dituzte salbamendu lanak.
Azken zifra ofizialen arabera, 4.200dik gora dira ostiraleko lurrikaran eta ondorengo tsunamian hildakoak. Desagertuak, berriz, 8.000tik gora zenbatu dituzte jada. Zifra horiek handitu daitezkeela iragarri dute, gainera. Itsasoko urak atzera egin duenez, tsunamiak suntsitutako lurretan hilotz ugari topatu dituzte azken orduetan.
80.000 militar, polizia eta suhiltzaile ari dira salbamendu lanetan. Toshimi Kitazawa Defentsa ministroak iragarri du lanak azkartzeko 10.000 militar gehiago mugiaraziko dituela. Langile faltagatik biktimen autopsiak gutxika egiten ari dira.
430.000 lagunek babeslekuetan jarraitzen dute. Izan ere, tsunamiak hainbat herri guztiz desagerrarazi ditu eta ez dute nora jo. Hori horrela, Aldi baterako bizitokiak eraikitzeko agindua eman dute Iwate, Fukushima eta Miyagiko eskualdeetako agintariek.
Hotzak zaildu egin ditu salbamendu lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu