Siriako oposizioko talde armatuek giza eskubideen «urratze larriak» egiten dituztela salatu du HRW Human Rights Watchek. «Siriako Gobernuaren taktika basatiek ezin dituzte justifikatu oposizioko talde armatu batzuk egiten ari diren abusuak», adierazi du Sarah Leah Whiston-ek, HRWen Ekialde Hurbilerako zuzendariak. Baxar al-Assad presidentearen jarraitzaileak bahitzea, torturatzea eta exekutatzea leporatu dio HRWek oposizioari.
Bien bitartean, erregimenaren erasoak ez direla amaitu nabarmendu du oposizioak. Armadakatzo gutxienez 37 lagun hil zituen, Koordinaziorako Herri Batzordeen arabera, bi adingabe tartean. Homsen hamasei lagun hil zituzten, Idliben bederatzi eta Haman bost, besteak beste. «Giza eskubideak urratzeagatik eta oposizioa zapaltzeagatik», hain zuzen, Europako Batasunak Siriaren erregimenaren kontrako zigor gehiago onartuko ditu ostiralean, Iranen eta Bielorrusiaren kontrako zigorrekin batera.
Mosku jomugan
Parlamentu Arabiarrak —Arabiar Ligaren kontsulta organoa da— Errusiarekin dituzten harreman komertzial eta ekonomikoak eteteko eskatu die herrialde arabiarrei. Moskuk, Pekinekin batera, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Damaskoren kontrako ebazpenak atzera bota dituelako hartu du erabakia legebiltzarrak. Errusiak, berriz, aurreratu du ez duela Segurtasun Kontseiluak Kofi Annanen misioko emaitzetan oinarritutako ebazpenik onartukobaldin eta Damaskoko gobernuari ultimatuma ezartzen badio.
Siriaren auzian ez dago batasunik nazioartean, baina Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak hango egoera «onartezina» dela gogorarazi die agintariei, eta gatazka bukatzeko «aho batez» jarduteko eskatu. Turkiak, bestalde, iragarri du Siriako Lagunen bilera apirilaren 1ean egingo dutela Istanbulen, Al-Assaden erregimenari presio egiteko. Tunisian egin zuten antzeko lehen bilera, iragan otsailaren 24an.
HRWek esan du Siriako oposizioak eskubideak urratzen dituela
Errusiak aurreratu du ez duela NBEko ebazpenik onartuko Damaskori ultimatuma jartzen baldin badio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu