Venezuelako presidente Hugo Chavezek atzo nabarmendu zuen ALCA Ameriketako merkataritza erakundea Mar de Platan (Argentina) «lurperatuko» dutela Ameriketako IV. Goi Bileraren kontra eta Herrien III. Goi Bileran bildu direnek. Kontinente osoko 31 presidente Fidel Castro ez dute gonbidatu bildu dituen Ameriketako Goi Bileran parte hartu aurretik egin zituen adierazpenok, ALCAren eta AEBen politikaren aurka protesta egin zuten 40.000 manifestari ingururen aurrean. «ALCA, ALCA, al carajo!» (ALCA, ALCA, pikutara!) oihukatu zuen protestagileen aitzinean.
Herrien Goi Bileraren «erabaki historikoak» Ameriketako Goi Bilerara eramango zituela agindu eta zera esan zuen Chavezek: «Gutako bakoitzak ALCAren lurperatzaile pala bana ekarri du; hemen, Mar de Platan, ALCAren hilobia dagoelako». Herrien Goi Bileran ostegunetik daude bilduak, eta, besteak beste, eredu neoliberala oinarritzat daukan merkataritza erakundea gaitzetsi dute 600 bat erakundetako ordezkariek, baita AEBak Latinoamerika gero eta gehiago militartzen ibiltzea ere.Ekitaldian, beste hainbaten artean, Evo Morales Boliviako diputatua, Silvio Rodriguez Kubako kantaria eta Hebe de Bonafini Argentinako Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko presidentea eta Diego Maradona futbol jokalari ohia izan ziren.Chavezek «XIX. mendeko sozialismoaz erditzera» deitu zituen bildutakoak. Bestalde, Buenos Airesen eta inguruan lanuzteak egin zituzten metroko eta toki publikoetako langileek, George Bush Argentinan zegoela gaitzesteko.Herrien Goi Bileran Adolfo Perez Esquivel parte hartzen ari da (1980an Bakearen Nobel Saria jaso zuen). Eta Le Monde Frantziako egunkariari zera esan zion: «Bush mundu osorako arriskua da. Ez ditu ez Giza Eskubideen Deklarazioa ez nazioarteko itunak, ezta Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua ere errespetatzen. Herrialdeak inbaditzen ditu eta munduari eta bere herriari gezurra esaten die. Gizateriaren kontrako krimenen eta Iraken, Afganistanen eta Guantanamoko presondegian eginiko sarraskien erantzulea da».
Amerika osoko indigenek ere protesta egin zuten, antzinako eskubideak ezagut ditzaten exijitzeko.
Ameriketako Goi Bileran, Mexikoko presidente Vicente Foxek Mercosur Hego Amerikako merkataritza erakundeari eta Venezuelako Gobernuari ALCA blokeatzea egotzi zien. Herenegun gauean presidenteak ez ziren bat etorri ALCA goi bileraren azken deklarazioan sartzeko proposamenean.
Atzoko bilkuraren aurretik Bushekin elkarrizketatu zen Argentinako presidente Nestor Kirchner. Behatzaileen esanetan, hainbat kontutan ez ziren bat etorri.
AMERIKETAKO GOI BILERA
Hugo Chavezek esan du ALCA Mar de Platan lurperatuko dutela
Estatu Batuek bultzatutako merkataritza erakundearen kontra protesta egin dute 40.000 lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu