Europako Alderdi Popularraren babesa izan du orain arte Viktor Orban lehen ministroaren alderdiak, baina gaurko bozketan eurodiputatuei askatasuna eman die alderdiak, eta, horren ondorioz, aurrera egin du Hungariaren aurkako neurriak hartzeko Parlamentuaren eskariak.
Hala, Europako Ituneko 7. artikuluak jasotzen duenaren arabera, Europako Kontseiluan duen boto eskubidea gal dezake Budapestek. Dena den, aurrera egiteko, estatu kide guztien onespena behar du neurriak, eta, beraz, litekeena da egitasmoa bere horretan geratzea.
Leporatzen zaizkion urraketen artean daude epaileen lana oztopatzea, asilo eskubidea mugatzea eta adierazpen eta informazio eskubideak kolokan jartzea. Hungariaren aurkako zigorrak hartzearen alde bozkatu dute 448 eurodiputatuk, aurka 197k, eta abstenitu egin dira 48.
Orbanek gogor gaitzetsi du Estrasburgoren jarrera, eta "xantaia" egitea egotzi dio. "Ahaleginak egin ditugu erreformak Europako Kontseiluarekin eta Batzordearekin hitz egiteko, baina ez dute nahi izan", salatu du gobernuburuak.