Pal Schmitt Hungariako presidenteak bere dimisioa iragarri du gaur Parlamentuan, plagioa egiteagatik doktore tesia galdu ondoren.
HVG aldizkariak urtarrilean ohartarazi zuen presidentearen doktore tesiaren zati handi bat beste iturri batzuetatik kopiatutakoa zela, eta, horren ondorioz, Budapesteko Medikuntza Unibertsitateak haren lana ikertu zuen. Joan den ostegunean doktore titulua kentzea erabaki zuten. Tesia suma cum laude kalifikazioarekin saritu zuten 1992. urtean.
Schmittek gaur egindako agerraldian onartu du ustezko plagioaren inguruan sortu den eztabaidak herrialdea banandu duela, eta presidenteak "nazioaren batasuna" irudikatu behar duenez, dimisioa ematea erabaki duela.
Gainera, titulua kendu dion batzordea kritikatu du; haren arabera, erabakia bere ikuspuntua jakin gabe hartu du batzorde horrek. Horregatik, helegitea aurkeztuko du.
Schmitt 2010eko ekainean hautatu zuten presidente. Haren dimisioaren ondotik, Parlamentuak hilabeteko epea izango du presidente berria aukeratzeko. 35 urte baino gehiago izan beharko ditu, eta hauteskundeen lehen itzulian botoen bi heren baino gehiago lortu beharko du presidentetzara heldu ahal izateko.