IRAKEKO OKUPAZIOA

Hussein epaitu behar duen auzitegiko magistratu bat eta haren semea hil dituzte

Erresistentziak 13 soldadu irakiar hil ditu Bagdaden, bonba-autoak erabilita

Erredakzioa
2005eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Irakeko presidente ohi Saddam Hussein eta haren agintaldikogoi kargudunak epaitzeko eratu egin zen auzitegi bereziko magistratu bat eta haren semea tiroz hil zituzten atzo Bagdaden. Hiriburuan bi bonba-auto eztandarazi zituzten ere. Hamahiru soldadu irakiar hil eta beste berrogei zauritu ziren, gutxienez, bi erasoetan.

Baruize Mahmud epailea eta haren seme Araian atzo goizean tirokatu zituzten euren etxetik irtetean Bagdadeko Adamia auzunean. Aita semeak larriki zaurituta ospitalera zeramatzatelahil egin ziren. Baruize Mahmudkurdua zen eta haren semea PUK Kurdistango Batasun Patriotikoaalderdiko burukidea zen. Saddam Hussein agintari ohia eta bere aginteko goi kargudunak epaitzeko xedez 2003. urteko abenduan eratu zuten Irakeko Auzitegi Berezia. Bertan lan egiten duten berrogeita hamar epaileetatik hiltzen duten aurrenekoa da Mahmud. Auzitegi honetako kide ez diren beste hogei bat epaile hil egin dituzte, haatik, erresistentzia indarrek, Iraken. Justizia Ministerioko arduradun batek eman zituen ezagutzera datu horiek atzo. Ikerketa magistratu baten kontra ere tiro egin zutela eta larriki zaurituta dagoela gaineratu zuen arduradunak.Irakeko Polizia eta Guardia Nazionala edo Armadako kideak dira, dena den, erresistentziaren jomuga. Bagdaden, ildo horretan, bi bonba-auto eztandarazi zituzten atzo.Erasoetan hamahiru soldadu irakiar hil eta beste berrogei zauritu ziren gutxienez. Abu Mussab al Zarkauik buru ei duen Al Kaeda sarearen adarrak hartu zuen bere gain atentatu hauen ardura.

Ramadin borrokak

Aurreneko leherketa goizeko 04:00etan izan zen Muthannako aireportuan dagoen Irakeko Armadako base batean. Ekintzaile suizida batek gidatzen zuen autoa zartaraztean sei soldadu irakiar hil eta beste hogeita hemezortzi zauritu zituen. Ordubete beranduago beste ekintzaile suizida batek eraso egin zien Al Dura auzuneko Jadriako zubian jarritako bide kontrolean zeuden soldaduei. Bigarren bonba-auto honen eraginez zazpi soldadu hil eta bi zauritu ziren.

Mosul hirian, aldiz, bi polizia irakiar hil zituzten gerrillariek. Ramadin, berriz, erresistentziako indarren eta soldadu estatubatuarren arteko borrokak izan ziren atzo baita ere.Hilla hirian joan den astelehenean 125 hildako eta beste 147 zauritu eragin zituen atentatu suizida gaitzetsi zuten atzo, bestetik, erlijio buru musulman sunitek. «Islamak errudunak hiltzen dituzten ekintza terrorista guztiak debekatzen dituela aldarrikatzen dugu», irakur zitekeen zabaldutako oharrean.

-

BAHIKETAK



 

Juliari datuak emateko eskatu dio Raffarinek





Urtarrilaren 5ean Bagdaden bahitu zuten Florence Aubenas kazetaria aske uztea lortzeko xedez, Didier Julia diputatuari bere esku dagoen informazio guztia DGSE zerbitzu sekretuei emateko eskaria egin zion atzo, Jean-Pierre Raffarin Frantziako lehen ministroak. Aubenasek Juliari laguntza eskatu zion herenegun plazaratu egin zen bideo zinta batean. Irak ongi ezagutzen duen diputatu kontserbadoreak Christian Chesnot eta George Malbrunot beste bi kazetari frantziarren askapena lortzeko saio ez ofiziala egin zuen porrot egin zuen. Orduz geroztik, horrelako beste ekimenik ez egiteko eskatu diote agintariek Juliari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.