Husseinen garaian Iraki jarritako zigorrak indargabetu ditu NBEk

Segurtasun Kontseiluak onartu dituen hiru ebazpenek 'Petrolioa janariaren truke' programa ezabatuko dute, besteak besteBederatzi egun falta dira gobernua eratzeko, eta oraindik airean dago nork osatuko duen

Jon Fernandez.
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Saddam Hussein Irakeko presidente zen garaian herrialde horri jarri zioten zigorrak bertan behera uztea erabaki du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Joe Biden AEBetako presidenteordeak zuzendu zuen atzo New Yorkeko NBEren egoitzan egindako batzarra. Irakek oraindik ere nozitzen dituen zigorrak kentzeko hiru ebazpen onartu zituzten.

Lehen ebazpenak Iraki arma kimikoen, biologikoen eta nuklearren programa garatzea saihesteko 1991n jarri zizkioten zigorrak ezabatuko ditu. Bigarren ebazpenak Petrolioa janariaren truke programa polemikoa desagerraraziko du. Programa horren ondorioz, Bagdadeko gobernuak 1996 eta 2003 bitartean saldutako petrolioaren truke janariak eta sendagaiak erosteko dirua jaso zuen. Iraki ezarri zioten merkataritza bahimenduak gose eta sufrimendu handia eragin zuen gizartean, baina diruaren %53 baino ez zen erabili produktu humanitarioak erosteko. Azkenik, hirugarren ebazpenak Irakeko Garapenerako Funtsa sei hilabete barru ixtea ekarriko du. Erakunde hori 2003ko inbasioaren ostean sortu zuten, petrolioak sortzen zuen aberastasuna kudeatzeko.

Hala ere, Irakeko Garapenerako Funtsa indargabetu arren, Irakeko Gobernuak petrolioak sortutako irabazien %5 Kuwaiteko inbasioko biktimen kalte-ordainentzat gorde beharko du. Orain artean, Irakeko Gobernuak 30.000 milioi dolar ordaindu dizkio Kuwaiti, eta egungo gobernuak zigor hori ere kentzea eskatu du. Kuwaiteko Gobernuaren aburuz, ordea, «oraindik ez dute Saddam Husseinen Armadak eragindako sarraski eta kalte materialen konpentsazio berdindu».

Segurtasun Kontseiluak hiru ebazpenok onartu ostean, indarrean jarraituko duten zigor bakarrak Husseinen senitartekoen ingurukoak dira. Gaur egun, inork ez daki non dauden. Halaber, arma kimikoen, biologikoen eta nuklearren ekoizpenean ere murrizketekin jarraituko dute.

Azken hamarkadetan Irakek jasan dituen zigor gogorren jatorria 1990 eta 1991 bitarteko Golkoko Gerran dago. Saddam Husseinek Kuwait inbaditu zuen, eta Nazio Batuen Koalizioak Iraken kontrako gerra hasi zuen AEBak buru zirela. 1991ko otsailaren 28an amaitu zen guda, Irak Kuwaitetik kanporatzea erdietsi ostean. Harrez gero, nazioarteak zigor neurri gogorrak hartu zituen Husseinen gobernuaren kontra.

«Ez da Irak berdina»

Saddam Hussein Irakeko presidente ohia urkamendira eraman eta AEBek babestutako gobernua ezarri ostean iritsi da aldaketarako unea. «Segurtasun Kontseiluak pozez hartzen du Irakeko bilakaera positiboa. Eta aitortzen dugu Iraken egun egoera guztiz ezberdin bat dutela 1990ean Husseinen kontrako lehen ebazpena onartu zenetik», azaldu du Joe Bidenek. Segurtasun Kontseiluak NBEko Gutuneko VII. Atalaren babespean onartu zituen Iraken kontrako zigorrak. Atal horixe bera erabili zuten Golkoko Gerra onartzeko ere.

Irakeko egungo gobernuak uztailean jakinarazi zion Segurtasun Kontseiluari Husseinen garaiko konpondu gabeko auziak bideratzeko hainbat neurri jarri dituela martxan. Halaber, egungo gobernuak IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren protokoloa sinatzeko asmoa duela ere berretsi zuen udan. Protokolo horren arabera, Irakek bere instalazioen ikuskapen sakona onartuko luke.

Gobernua osatzeko arazoak

AEBen laudorioak jaso arren, Iraken duten egoerak gutxi du egonkortasunetik. Martxoan egin zituzten Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak, eta bederatzi hilabete pasatu ostean oraindik gobernurik ez dute osatu. Bozetan Al Irakija koalizio suniaren atzetik atera arren, Nuri Al Maliki lehen ministroak du gobernua osatzeko ardura. Abenduaren 25a du horretarako epemuga.

Azaroaren hasieran batasun nazionaleko gobernua osatzeko akordioa egin zuten xiitek, sunitek eta kurduek. Azaldu zutenez, Al Maliki xiita izango da lehen ministroa, Jalal Talabani kurdua presidentea eta Ijad Alaui sunita Legebiltzarreko presidentea. Horrez gain, Atzerri Ministerioa ere suniten esku uztea erabaki zuten. Atzo zen Al Maliki Legebiltzarrean gobernu berriaren osaketa aurkeztekoa. Haatik, ez zen aurkezpenik izan. Azken egunotan egoera politikoa korapilatu baino ez da egin.

Batetik, Al Irakijako hamar diputatuk koalizioa utzi eta talde berri bat osatuko dutela jakinarazi dute. Bestetik, Iraken menpeko Kurdistan autonomoko Masud Barzani presidenteak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen asteartean PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoaren XIII. Batzarrean. Bilera horretan zeuden Talabani Irakeko presidente kurdua, Al Maliki lehen ministro xiita eta Ijad Alaui sunia.

Gobernu berria osatzeko bederatzi egun baino falta ez diren honetan, AEBek amesten duten baretasun politikotik baino gertuago dago Irak korapilatze eta zatikatze egoeratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.