Haitiko babes zibilerako erakundeek jakinarazi dutenez, gutxienez 842 pertsona hil dira azken egunotan Matthew urakanaren ondorioz. Ekaitz tropikala igaro da jada AEBetara, eta kostara heltzean indarra galdu du, baina orain hasi dira pixkanaka Karibeko irlan eragindako hondamendiaren arrastoak agertzen, besteak beste, bazter ugari inkomunikatuta egon direlako euriteek eta haizeteek iraun duten bitartean. Haitiko agintariek uste dute 60.000 pertsona inguruk hartu behar izan dutela babes administrazioak eskainitako lekuetan.
Polizia eta larrialdietarako zerbitzuak jende gehiagoren bila dabiltza, eta ohartarazi dute litekeena dela hildakoen zifra are gehiago igotzea datozen egunotan. Nazioarteari laguntza eskatu diote larrialdi egoerari aurre egiteko.
Matthewk Floridarako bidea hartu du gaur, baina oraingoz ez dute kaltetuen berri zehatzik eman; soilik jakinarazi dute emakume bat hil dela bihotzekoak jota, ekaitzaren ondorioz ezin izan dutelako garaiz ospitalera eraman. Gobernuak larrialdi egoera ezarri du Floridan, Georgian eta Hego Carolinan, berreraikitze lanetarako baliabideak aiseago biltzeko.