Zortzi orrialdeko txostenak dio Iranek «gutxi» egin duela bere ekinbide nuklearra soilik erabilera zibilerako dela zehazteko IAEAk eginiko galderei erantzuteko. Horretarako 30 eguneko epea eman zion erakundeak. «IAEAk hiru urte pasatxo eman ditu Iranen programa nuklearra ikertzen, eta oraindik kezkarako motibo dira horren ezagutzaz ditugun hutsuneak», nabarmendu du NBEri lotutako agentziak. «Ildo horretan, zeinahi aurrerapenek Iranen aldetik gardentasun osoa eta elkarlana eskatzen du». NBEren Segurtasun Kontseilura bidaliko du txostena IAEAk, hark heldu den astean Teherani zigorrak ezarri edo ez azter dezan. Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten estatuetatik hiruk (AEBak, Frantzia eta Erresuma Batua) Irani zigorrak ezartzearen alde agertu izan dira. Gainera, atzo AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek nabarmendu zuen «Segurtasun Kontseiluaren sinesgarritasuna mantentzeko» Teheran zigortu beharra dagoela. Washingtonek eta horren aliatu nagusi Israelek biek bonba atomikoak dituzte diote Teheranen asmoa bonba atomikoa eraikitzea edota hori eraiki ahal izateko teknologia eskuratzea dela. Baina munduan mordoxka bat dira bonba atomikoa duten estatuak (Frantzia, Errusia, India eta Pakistan, besteak beste), eta haiei ez diete presiorik ez mehatxurik egiten. Beto eskubidea duten beste bi estatuak, Errusia eta Txina, ordea, uzkurrago ageri dira, eta negoziazioaren eta alternatiben bidea jorratzen saiatu dira. Teherani uranioa aberasteko prozesua Errusian egiteko proposamena egin dio Moskuk, hala prozesua soilik Iranen kontrolpean egongo ez denez, hark ez ezik nazioarteak ere aukera hori begi onez ikusiko duelakoan. Teherango gobernuak dio uranioa aberasteko prozesuaren helburu bakarra energia nuklearra lortzea dela, hori Iranen ongizaterako ezinbesteko tresna dela iritzita. Prozesu hori atzeraezina dela nabarmendu du Mahmud Ahmadinejaden gobernuak, eta prest dagoela horrek eragingo dituen ondorioei zigor ekonomikoak zein eraso militarra aurre egiteko. Halarik ere, IAEAren txostenaren arabera, uranioa eraldatzen segitzen du oraindik Iranek. Azken zortzi hilabeteotan 120 tona baino gehiago eraldatu dituela dio. Armak ekoizteko erabiliko balitz, 15 bonba nuklear gordin baino gehiagorako emango lukeela diote IAEAren adituek. Zehaztu dutenez, egia da Iranek adierazitakoa, hots, uranio kantitate txikiak %3,6ko mailaraino aberastu dituela. Uranioa erregai gisa erabiltzeko moduko maila da hori; arma gisa erabiltzeko beharrezkoa den maila, aldiz, %90etik gorakoa izaten da.IAEAren esanetan, Iranek deklaratu gabeko plutonioa baliatu du eskala txikiko esperimentuak egiteko. «Aztertu dugun plutonioa Iranek deklaratutako iturrietatik kanpoko beste iturri batzuetatik eratorria izatearen posibilitatea ezin du baztertu agentziak». Plutonioa bereiztea armamentu programa baterako erabil daitekeen «erabilera bikoitzeko» prozesuetako bat da.Erakundea kexu da Iranek ez diolako funtsezko arloetan informazio gehiago eman nahi, hala nola uranioa aberasteko erabiltzen dituen zentrifugatze programen inguruan, edo uranio fisionagarria arma atomiko bihurtzeko aukera erakusten duten grafikoen eta Irango Armadak programa nuklear zibilarekin ustez dituen loturen inguruan. Teheranek ez zuen atzo txostena zabaldu ondoren adierazpenik egin, baina hura zabaldu baino ordu batzuk lehenago, Ahmadinejadek esan zuen Iranen ekinbide nuklearra murriztu edota geraraztera bideratutako NBEren zeinahi ebazpeni muzin egingo diola Teheranek. «Irandarrek beren eskubidea lortzea galarazi nahi duten horiek jakin beharko dute ebazpen horiek bost axola zaizkigula», esan zuen Mahneshan hirian (ipar-mendebaldea) eginiko hitzaldi batean.
Teheranen jarrera
«Iranek uste du eskubide besterenezina dela egungo teknologia guztietatik onura ateratzea, baita helburu baketsuak dituen energia nuklearretik ere, eta bere eskubidea gauzatzeko asmoa berresten du», nabarmendu zuen Irango presidenteak herritarren aurreko ekitaldian.
«Nazio irandarra zibilizazio garrantzitsua da, kultura aberats baten jabe, eta ez du beste nazio batzuen zapalkuntza nhi, ezta inori erasotzea ere». Presidenteak adierazi zuenez, bere gobernuaren betekizun nagusia «gizateria osoarentzat eredu izango den gizarte islamiko boteretsu eta aurreratua hezurmamitzea» da.
IAEAk Teheranen eskubideak errespetatu ezean erakundearekiko elkarlana berriz aztertuko duela ohartarazi du Ahmadinejadek. «Gurekin trikimailuak erabiltzen eta gure eskubideak bermatu behar dituen arauditik abantailak ateratzen saiatzen badira, jakin behar dute agentzia horrekiko elkarlan metodoak aldatuko dituela Irango nazioak».
Hurrengo faseak
Maiatzaren 2a: AEBak, Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemaniako ordezkariak Parisen bilduko dira.
Maiatzaren 3a: NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilera informala, IAEAren txostena eztabaidatzeko.
Maiatzaren 9a: AEBak, Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemaniako Atzerri ministroak NBEn bilduko dira. Elkarrizketa horien ondotik, Segurtasun Kontseilua formalki bilduko da.