Irlanda Iparraldea

Ian Paisleyk gaur utziko du DUPeko buruzagitza

Peter Robinson Finantza ministroak ordezkatuko du.

2008ko maiatzaren 31
10:29
Entzun
Ian Paisleyk (82 urte) gaur utziko dio DUP Alderdi Unionista Demokratikoko buruzagi izateari, eta Peter Robinson alderdiko orain arteko bigarrenak eta Ipar Irlandako Finantza ministroak ordezkatuko du. Gaur egun Irlanda Iparraldeko alderdirik nagusiena da DUP.

Paisleyk hurrengo ostegunean Irlanda Iparraldeko Gobernuko lehen ministro kargua ere utziko du, eta han ere Robinsonek hartuko du lekukoa.

Betiko aurkariarekin -Sinn Feinekin- Gobernuan boterea partekatzeko onartu eta koalizio gobernua osatu zuenetik urtebetera utziko ditu Paisleyk goi karguak. Martin McGuinness Sinn Feineko zuzendaritzakideak goraipatu egin du hark behinolako jarrera gotorra alde batera utzi, eta boterea partekatzea onartu izana: “Sinn Feinekin gobernua eratzeko hartu zuen erabaki historikoak betiko aldatu du Irlandako historiaren ildoa”.

1960ko hamarkadatik unionismoaren figurarik ezagunena eta polemikoena izan da Paisley. DUPez gain (1971n sortu zuen), Eliza Presbiteriano Librea ere sortu eta gidatu ditu.

Karguak utziko dituen arren, DUPeko diputatu gisa segituko du Stormonteko (Irlanda Iparraldea) eta Westminsterko (Londres) legebiltzarretan.

Robinsonek 30 urtez Paisleyren tutoretzapean egin du politika. 59 urte ditu, eta 1980ko hamarkadan ezagun egin zen Sinn Fein eta IRAren aurkako diskurtso gogorrak egiteagatik. Hala ere, negoziaziorako daukan gaitasuna askok goraipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.