XIX. mende erdialdean hasi ziren tenperaturaren lehen neurketak egiten, eta Europako batez besteko tenperatura iazkoa baino hotzagoa izan da orain arteko aldi guztietan. Berotze globalaren eta klima joeren inguruko ikerketa baten emaitzak argitaratu ditu Europako Batzordeak sustatutako Copernicus Klima Aldaketa Zerbitzuak, eta bereziki nabarmendu ditu Europako eta Artikoko datuak.
2020aren atzetik Europan urterik beroenak izan direnen aldean, gutxienez 0,4 gradu zentigradu beroagoa izan zen batez besteko tenperatura iaz. Gainerako bostak ere azken hamarkadan erregistratu ziren, eta, beraz, tenperaturen goranzko joera berresten du ikerketak. Iazko negua inoizko beroena izan zela ere erakusten du, eta batez besteko gehienezko tenperaturak goia jo zuela: 1981 eta 2010 urteen artean izandako batezbestekoa baino 3,4 gradu zentigradu beroagoa izan zen, eta orain arte beroena izan dena baino 1,4 gradu beroagoa.
Igoera bereziki nabarmena izan da kontinentearen ipar-ekialdean. Ikerketaren arabera, inguru horretan aurrez neurtutako batez besteko tenperatura beroena gainditu zen, eta 1,9 gradu handiagoa izan zen iazko beroena. Gainera, gehienezko eta gutxieneko tenperaturak 1981-2010 epearen batezbestekoa baino sei eta bederatzi gradu altuagoak izan ziren neguan.
Hain justu, udazkenean eta neguan izandako tenperaturak bereziki beroak izan ziren, ikerketak azpimarratu duenez, eta hori jotzen du igoera orokorraren arrazoi nagusitzat. Uda ere ohi baino beroagoa izan zen, baina bero boladak ez ziren izan aurreko urteetan bezain gogorrak, orokorrak eta luzeak. Horietako bat azpimarratu du ikerketak, iazko abuztuan Afrika aldetik iritsitakoa. Gaueko tenperaturak nabarmen igo zituela dio; bereziki, Europa ekialdean. Gehienezko tenperaturak markak hautsi zituen Frantzian, bolada horren eraginez.
Artikoko kasuak ere atal berezi bat du gaur aurkeztutako txostenean. Izan ere, urte beroenetan bigarrena izan zen iazkoa han. Tenperaturen batezbestekoa 1981etik 2010era artekoa baino 2,2 gradu altuagoa izan zen. Bigarren hiruhilekotik aurrera nabaritu zuten ohi baino urte beroagoa izango zela, urtarriletik martxora arteko tartea ohi baino hotzagoa izan baitzen. Udara eta udazkena inoizko beroenak izan ziren, ordea.
Mundu mailan, hiru beroenen artean
Eskala handiagoko datuei ere erreparatu die ikerketak. Mundu mailan, inoizko urterik beroenen artean dago iazkoa, beste birekin batera. Batezbestekoa baino sei gradu altuagoko tenperaturak erregistratu ziren Artikoan eta Siberia iparraldean, eta horrek eragin nabarmena izan zuela dio. Kontrastean, Pazifikoko zenbait ingurutan ohi baino tenperatura hotzagoak izan ziren, eta hori La Niña fenomenoari zor zaiola uste dute ikerketaren egileek.
Gas isurietan ere jarri dute arreta, hori jotzen baita beroketa globalaren arrazoi nagusitzat. 2020an karbono dioxido eta metano kontzentrazioa handitu egin dela dio ikerketak. Karbono dioxidoaren kantitatea %0,6 igo zen, eta metanoarena, ia %0,8. Agerian utzi du, horrenbestez, negutegi gasen kantitatea inoizko handiena dela. Hala ere, neurketek erakusten dute karbono dioxidoaren kantitatea aurreko urteetan baino motelago handitu dela, pandemiaren ondoriozko neurriengatik. Metano isurien erritmoa azkartu egin da, hala ere.