Iazkoa urterik odoltsuena izan da Afganistango zibilentzat, NBEren arabera

Guztira, 2.700 zibil hil eta beste 4.343 zauritu ziren gatazka armatuaren ondorioz 2010. urtean

Erredakzioa
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Afganistango herritarrentzat urterik odoltsuena izan zen 2010.urtea. 2.777 zibil hil eta beste 4.343 zauritu ziren Unama NBEk Afganistanen duen misioak jakinarazi duenez. Duela hamar urte talibanen erregimena suntsitu zutenetik, hildako gehien eragin dituen urtea izan da iazkoa.

Hildako zibilen kopurua %15 hazi zen 2009ko kopuruari dagokionez. Unamaren arabera, talibanek eragin dituzte hildakoen %75, eta Afganistango segurtasun indarrek eta NATOk hildakoen %16. NBE ez da gai izan hildako %9 zeinen erantzukizuna izan den zehazteko. Bestalde, bahiketen kopuruak ere gora egin du nabarmen azken urtean. 251 bahiketa izan ziren iaz; 137, berriz, 2009an. Oro har, 8.832 zibil hil dira hamarkada beteko gatazkan. Kaltetuenak emakumeak eta umeak dira, nazioarteko erakundearen arabera.

Gainera, AEBek eta NATOk militar gehiago bidali zituzten iaz Afganistanera, «gatazkaren amaiera bultzatu eta Helmand eta Kandahar talibanen gotorlekuei erasotzeko». Guztira, atzerriko 150.000 militar daude orain Afganistanen. Unama mesfidati da, uste duelako AEBek eta NATOk ez dutela hitza beteko eta 2014a baino lehen ez dutela segurtasunaren eskumena Afganistango armadaren eta Poliziaren esku lagako. AEBek, esaterako, inoizko langile gehien dituzte Afganistanen segurtasun indarrentzat lanean: 19.000 pertsona.

Irango armak

Bestetik, Iranek talibanei armak saltzen dizkiela baieztatu dute Erresuma Batuko segurtasun indar bereziek. Otsailaren 5ean hainbat kamioi konfiskatu zituzten Afganistango Nimruz probintzian, Irango eta Pakistango mugetatik gertu. Kamioien barruan hemeretzi kilometro pasatxoko helmena duten 122 milimetroko 48 misil aurkitu zituzten, jaurtitzeko mila balarekin batera. Hilabetean ikertzen aritu ostean misilok Irangoak direla ondorioztatu dute Erresuma Batuko segurtasun indar bereziek. Gainera, talibanek erabili ohi dituztenak baino arma indartsuagoak dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.