FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak eta ELN Nazioa Askatzeko Armada gerrillek bakearen aldeko «jarrera tematia» adierazi dute elkarrekin argitaratutako agiri batean. Bi gerrillek diote bakea eskuratuta «benetako demokrazia, herriaren subiranotasuna, justizia soziala eta askatasuna» lortzea dutela helburutzat. Azaldu dutenez, FARCek eta ELNk 2009an hasitako «batasun prozesuan» pausoak emateko asmoa dute, «ideiak eta ekintzak bateratzeko, herriak oligarkiari eta inperialismoari aurre egin diezaion». Heldu den hilean Oslon FARCen eta gobernuaren artean hastekoak diren elkarrizketak ez dituzte aipatu. ELNko aginte zentralak eta FARCen buruzagitza zentraleko idazkaritzak sinatu dute agiria.
Bi gerrillek Kolonbiako eta nazioarteko egoeraren analisi bateratua egin dute, eta hagitz kritiko agertu dira Juan Manuel Santos presidentearen gobernuarekin. «Agindu judizialak» eta «segurtasun nazionaleko doktrina zaharrean eta estatuaren terrorismoan oinarritutako erabaki militaristak» erabiltzea leporatu diote Santosi, kapitalaren eskubideak eta aberatsenen ongizatea bermatzeko».
Horren aurkako bide bakarra «karriketan masen ekintzak» direla eta «landa guneetan eta hirietan herri matxinadak» direla aldarrikatu dute FARCek eta ELNk.
Mobilizatzeko deia herriari
Gerrillek Santosi ohartarazi diote, gainera, «errepresio mehatxuekin, gerra gehiagorekin» ez dela gatazka amaituko, eta «are gutxiago ultimatumekin». Gobernuak garaipen militar bat lortu nahi izatea «ameskeria» dela diote FARCek eta ELNk. Aldaketa politiko eta sozialak herriaren «parte hartze eta erabakitzeko ahalmen osoarekin» lortuko direla aldarrikatu dute, eta, horretarako, batasunaren eta mobilizazioaren aldeko deia egin dute.
Elkarrizketak, urriaren 8an
Urriaren 8an hastekoak dira Norvegian FARCen eta gobernuaren arteko elkarrizketak. ELNk hasieratik onespena eman die negoziazioei, eta duela egun batzuk adierazpen bat argitaratu zuen, prozesuan parte hartu nahi duela iragarriz. Gainera, gizarte zibilak zeresan gehiago eduki beharko lukeela aldarrikatu du.
Aurki hastekoak diren elkarrizketek ikusmin handia sortu duten arren, su-etenik ez dago Kolonbian. Armadak jakinarazi duenez, Antioquia departamenduan ustezko FARCeko sei kide hil zituen atzo bonbardaketa batean. Gerrillak jakinarazia du Oslon «eseri bezain pronto» proposatuko duela su-etena. New Yorken herenegun egindako ekitaldi batean, ordea, Santos presidentea pozik agertu zen azkenaldian hil dituzten ustezko gerrillari kopuruarekin. Hala ere, erran zuen hurrengo urterako bakea lortzea espero duela.
«Ideiak eta ekintzak» batzeko asmoa agertu dute FARC eta ELN gerrillek
Kolonbiako bi talde armatu nagusiek bakearen aldeko «jarrera tematia» erakutsi dute agiri bateratu batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu