Joan den ostiralean abiatu ziren Euskal Herritik Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoko autobusak, eta Grezian eman dituzte azken egunak. Errefuxiatuei elkartasuna adierazteko, eta haien egoera salatzeko zenbait ekintza egin dituzte Euskal Herritik hara joandako ia 120 lagunek.
Idomenin sartzeko debekua
Gaur, Mazedoniako mugan den Idomeniko kanpalekuan protesta egitekoak ziren egitasmoko kideak; Greziako Poliziak bidean gerarazi ditu karabanako autobusak, eta bidean aurrera egitea oztopatu die. Autobusetatik jaitsi, eta errepidean bertan egin dute protesta karabanako parte hartzaileek. Mugak irekitzea eskatu, eta errefuxiatuek jasaten dituzten giza eskubideen aurkako eraso larriak salatu dituzte.
Karabanan parte hartzen ari da Arantza Gutierrez donostiarra, eta harekin hitz egin du BERRIAk. Karabana jasaten ari den "kontrol poliziala" aipatu du Gutierrezek; Greziara eraman zituen ferritik jaitsi zirenetik sumatu dute polizia jarraika izan dutela. Polizia zain zuten Idomenirako errepidean, eta kanpalekutik kilometro batera gelditu dute karabana. Mugak ixtearen aurkako ekintza egiteko "baimena eman" die poliziak, baina debekatu egin die kanpalekura hurbiltzea, "eremu militarra" dela argudiatuta. Polizia parean zutela, poliziaren "gainean", egin dute protesta; "Euskal Herrian zaila da horrelakoak ikustea".
Ez, ez, gerrarik ez! ¡No a la guerra! #CaravanaAGrecia#opentheborderspic.twitter.com/KlYFId1Gi8 v/ @AmandradesG#MugakZabalduz#VergÜEnza
— KarabanaGreziaEH (@KarabanaGrezia) 2016(e)ko uztailak 21
Negar gasa elkartasunaren aurka
Atzo, Xanthi eta Paramestiko atxilo zentroetan izan ziren, mugak irekitzea eta atxilo zentroak ixtea eskatzeko. Xanthiko zentrora sartzen ahalegindu ziren ekintzaileak, eta negar gasa bota zien Greziako Poliziak. Arantza Gutierrezek BERRIAri azaldu dionez, poliziarekin arazorik ez zuten izan Xanthiko atxilo zentroko lehen zelaian: "Poliziarekin negoziatu genuen, eta ordezkaritza bat zelaian sartuko zela adostu. Tentsioa izan zen, baina polizia ez zen oldartu". Zentroan diren migratzaileekin hitz egiteko aukera izan zuen ordezkaritzak.
Bigarren zelaira sartu zirenean oldartu zitzaien polizia manifestariei. Gutierrezen esanetan, "burdin hesia moztu zuten zenbait ekintzailek, eta polizia albotik begira izan zen une batez, ezer egin gabe. Haiek burdin hesia bota, eta barrura sartzea lortu zutenean kargatu zuen poliziak, negar gasa botata". Karga bakarra izan zen. Bitartean, autobusak mugiarazi zituen poliziak.
Tras intentar entrar en el centro de detención Xanthi, la policía gasea. #opentheborders#Greciapic.twitter.com/pMA3Jw0Hh8
— Lau (@shul_evolution) 2016(e)ko uztailak 20
V/@AmandradesG
Hilaren 15ean abiatu ziren Karabana Greziara: Mugak Zabalduz ekimeneko autobusak Euskal Herritik. Bartzelonan Herrialde Katalanetako eta Espainiako autobusekin bat egin zuten, eta Greziarako bidea hartu zuten. Tesalonikan (Grezia) eman dituzten egun gehienak, bertako unibertsitateko zuzenbide fakultatea okupatu baitu No Borders kanpaldiak.
Asteartean Oreokrastoko eta Tesalonikako portuko errefuxiatu guneetan izan ziren karabanako kideak, errefuxiatuen egoeraren berri euren ahotik jasotzeko. Protesta eta performanceak ere egin dituzte egunotan, Europako mugen itxiera eta migratzaileen giza eskubideen urraketak salatzeko.
Espainiako enbaxadarekin bilera Atenasen
Itzulerako bidean, Atenasen Espainiak duen enbaxadako arduradunekin bilduko da bihar karabanaren ordezkaritza bat, Arantza Gutierrez karabanako kideak BERRIAri azaldu dionez. Bileran, Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoaren eskaerak helaraziko dizkiote enbaxadari.
Hamalau puntutan bildu dituzte erakundeei egin dizkieten eskaerak; besteak beste, mugak irekitzea, EBren eta Trukiaren arteko akordioa etetea eta atxilo zentroen itxiera aldarrikatzen dituzte. Funtsean, errefuxiatuen giza eskubideak bermatzea eskatzen du karabanak.