Bihar izango da azken eguna. Igandetik aurrera Greziara iristen diren errefuxiatuak kanporatuko egingo ditu Europako Batasunak. Berdin izango da arrazoi ekonomikoengatik ihesi datozenentzat eta gerratik ihesi datozenentzat. Turkiara bidaliko ditu guztiak, Europako Batasuneko 28 estatuburuek gaur herrialde horretako lehen ministroarekin egin duten akordiaren baitan. "Onartu da Turkiarekin egindako akordioa. Martxoaren 20tik aurrera Greziara Turkiatik iristen diren etorkin irregular guztiak", esan du sare sozialetan Bohuslav Sobotka Txekiar Errepublikako lehen ministroak.
Onartutako akordioan diote asilo eskaera guztiak banaka aztertuko dituztela, eta kanporatze kolektiborik ez dela izango, ezta momentuko itzulerarik. Deportazio masiboak debekatuta daude. Horregatik, zenbait iturrik aurretik jakinarazitakoaren arabera, Bruselaren asmoa da Greziara heltzen diren iheslari guztiei asiloa eskatzeko aukera ematea, prozedura azkar baten bidez, eta haiei "automatikoki" ezezkoa eman ostean, Turkiara deportatzea. Hala, nazioarteko legediaren zirrikituak baliatuko lituzkete agintariek, euren helburua betetzeko.
Edonola ere, adituek zaila ikusten dute EBk behar bezala aztertu ahal izatea Greziara iristen diren babes eskaera guztiak, lan administratibo mardula eskatzen baitu, askotan itzultzaileekin egin beharrekoa. Grezian 40.000 lagun baino gehiago daude harrapatuta, aurrera egin ezinik Balkanetako bidea itxi dutelako. Haien bizi baldintzak oso kaskarrak dira, eta Atenasek ezin izan die denei ostaturik bermatu.
Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak Bruselara iritsi denean goizean esan du bazuela itxaropena EBrekin akordioa ixteko, "siriarrei lagundu", eta EBrekin harremanak estutzeko. Oraindik ez dituzte jakinarazi akordioaren xehetasunak zeintzuk diren.
Beste neurri batzuen artean "bat-baten truke" deituriko sistema aplikatzea adostu zuten Europako Kontseiluak eta Turkiak martxoaren 7an. Hau da: Greziara iristen diren errefuxiatu irregularrak Turkiara deportatuko lituzke EBk; eta trukean, deportatu bakoitzeko Siriatik datorren errefuxiatu bat hartuko lukete Batasuneko estatuek. Deportazioak "herrialde seguruetara" egin behar direla dio nazioarteko araudiak. EBk Turkia segurua dela dio, baina gobernuz kanpoko erakunde hainbatek, ezetz —herrialde segurutzat dituzte Afganistan eta Tunisia ere, esaterako—.
Deportatuak hartzearen ordainetan beste 3.000 milioi euro eskatzen zituen Ankarak —aurreko akordioa batean dagoeneko 3.000 milioi euro ordaintzera konprometitu zen Brusela. Horrez gainera, Turkia EBn sartzeko prozesua azkartu nahi du Ankarak. Zipre neurri horien kontra dago ordea, uhartearen iparraldea Turkiak okupatua duelako. Eta Tuskek iragarri duenez, akordioak EBko 28 herrialdeetako bakoitzaren oniritzia eduki beharko du, herrialde txikia izan edo handia izan. Bestalde, Ankarak bisen liberalizazioa nahi du, turkiarrek oztoporik gabe bidaiatu ahal izateko Europara. Horretarako, baina, Europak hainbat baldintza jarri nahi dizkio Turkiari.