Errefuxiatuak munduan

Ihesean babestuak

Indarkeriagatik eta jazarpenagatik alde eginda bizi direnen kopurua gero eta handiagoa da, eta inoiz baino zailagoa da herrialde garatuetara iritsi eta iheslari estatusa lortu ahal izatea.

Jon Fernandez.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ali etxera itzularazten badute Poliziak hil arte torturatuko du». Ahmed Salem Buhala sahararra beldur da 19 urteko bere anaia Aliren geroaz. Urtarrilaren 5ean, 600 euro ordaindu ostean, hamazazpi ordu egin zituen itsasoan neumatikozko txalupan beste 21 lagunekin. Fuerteventurara (Espainia) iristeaz batera babes politikoa eskatu zioten Espainiako Gobernuari. Bosti baino ez die onartu eskaria aztertzeko aukera, gainerakoak Marokora itzultzera kondenatuz. Alabaina, azken unean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak itzulera behin-behinean geraraztea agindu dio Espainiako gobernuari, «kalte konponezinak izateko duten arrisku larriagatik».

«Pertsona hauen izenak eta irudiak Marokoko prentsan ere zabaldu dira, eta, bueltatuz gero, tratu txarrak jasateko arrisku handia izango lukete». Alfredo Abad CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko idazkari nagusiarenak dira hitzak. «Defendatzen duguna da guztiei onartzea babes eskaria; aztertuko da gero sakontasunez kasu bakoitza. Bestela, legez kanpoko etorkinen egoeran geratuko dira, eta etorkizun beltza izango dute».

Ali Buhala sahararraren antzeko egoeran bizi dira munduan 43,3 milioi lagun. Egoerak behartuta etxea utzi behar izan duten pertsonen kopurua azken hogei urteetako handiena da, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Inoiz baino gehiago dira indarkeriatik, giza eskubideen urraketetatik eta jazarpenetik ihes betean bizi direnak. «Afganistango, Somaliako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkak, esaterako, oraindik ez dira itxi,eta iheslariak sortzen dituzte etengabe», dio Maria Jesus Vega UNHCReko kanpo harremanetarako eta komunikaziorako ordezkariak. Inguruko herrialdeak izaten dira nomalean iheslarien jomuga, «ahalik eta azkarren etxera bueltatzea baita euren asmoa».

Munduan iheslarien kopuruak gora egin du, baina herrialde industrializatuetan behera egin dute babes eskaerek. Iheslariei babesa eskaintzen dieten herrialdeen %80 garapen bidean daude. Aldiz, gero eta zailagoa da iheslarientzat Europako Batasunera ailegatzea. «Legez kanpoko migrazioaren kontrolak estutu dira, bisak lortzea zailagoa da, EBk migrazio jarioen kontrola Afrika iparraldeko herrialdeen esku utzi du, eta, gainera, babes eskaeren ukazioa sistematikoa da», Abaden arabera.

Elkartasuna, galzorian

EBren hegoaldeko herrialdeak dira batez ere mugak gotortu dituztenak. Espainian, adibidez, 3.000 babes eskakizun baino ez ziren egon 2009an (1993an 12.000 egon ziren); eta %5 baino ez zituzten onartu. Hori ez da okerrena, ordea, Abadentzat. «Elkartasun falta orokortu da herrialde industrializatuetan». Iheslarien eta babesaren gaia oso gogor bizi izan zen 50eko hamarkadan, II.Mundu Gerraren ostean. 1951n sortu zuen NBEk Genevan egun 147 sinatzaile dituen Iheslarien Estatutuaren Hitzarmena. «Gaur, ordea, giza eskubideak, oro har, behea jota daude, eta iheslari izateko eskubidea galtzeko zorian da EBn».

Bi arrazoi nagusi ditu elkartasunaren hondoratzeak: herrialde aberatsen lehentasun ekonomikoak eta 2001az geroztik hedatu den indarkeriaren kontrako teoriak. Hori horrela, iheslariak legez kanpoko migrazioarekin nahastu dituzte. Eta mugetako kontrol zorrotzak mafien esku utzi ditu iheslari asko bidaia egiteko orduan. «Jazarlea norbere herrialdea bada, ezinezkoa da legez iristeko behar den dokumentazioa eskuratzea. Hortaz, Europako itsasbazterretara etorkinez betetako txalupak iristen direnean gerratik eta jazarpenetik ihesi datozen pertsona batzuk ere izaten dira». Kexu da Maria Jesus Vega: «Genevako hitzarmenaren sinatzaileei indarrean dagoen legeria betetzea baino ez diegu eskatzen».

Itzuli nahi eta ezina

Iheslari estatusa eskuratzeko, babes eskaera egitean bi aukera zabaltzen zaizkie: onarpena ala ukazioa. Babesa onartuz gero, lan eta egoitza baimena eskuratzen dute iheslariek, eta edozein herritarrek dituen eskubideen eta betebeharren jabe bilakatzen dira, botu eskubidearena salbu. Hala ere, etorkizun neketsua izaten dute, Vegak dioenez. «Arraza ezberdinekoa izatea edota hizkuntza ondo ez jakitea traba bilakatzen zaie egunero jende askoren jarrera arrazista dela-eta, krisi garai honetan bereziki. Gainera, iheslaria eta terrorista lotura egiten du askok maiz, eta horrek bi aldiz biktima egiten ditu». Bigarren aukera okerragoa da. Legez kanpoko egoeran geratzen dira, eta gobernuak kanporatze espedientea ireki diezaieke. Ondoren, EBn, espetxeak diruditen Atzerritarrentzako Zentroetan sartzen dituzte 60 egunez, sorterrirako itzulera kudeatu bitartean. Eta, han, infernua dute zain.

Badira egonaldi baten ostean sorterrira borondatez itzultzen diren iheslariak ere. Horixe dute denek amets, baina oso gutxik lortzen dute. Munduan 251.500 iheslari baino ez ziren etxeratu 2009an, kopururik txikiena hogei urteotan. «Iheslari askoren sorterriak oraindik ez dira egonkortu, eta, beraz, ezin dira itzuli. Hor daude Sudango, Irakeko zein Afganistango gatazkak». Inguruko eremu osoa desegonkortzen dute gatazka horiek. Auzoko herrialdeak sarri ez dira gai iheslariak behar bezala babesteko: iheslari kopuruagatik zein herri jazarlearekiko hurbiltasunagatik. UNHCRen aburuz, Europako herrialdeak eskuzabalagoak izan daitezke, babes ahula duten iheslariak bertora ekartzea onartuta. «Ezinbestekoa da iheslarien birkokapena». Osterantzean, iheslarien kanpalekuek gainezka egiten dute, eta ez dituzte gutxieneko giza baldintzak ere betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.