Atzo atxilotu zuten arte, ihesean eman zituen zazpi urteetan, Serbian baino egun gehiago eman zituen Errusian Goran Hadzic ustezko gerra-kriminalak. Urte guzti horietan Balkaneetako Gerran berarekin aberastu zirenek lagundu zutela jakinarazi dute gaur, eta horiekin batera, baita Serbiako zerbitzu sekretuen buru ohi Jovica Stanisicen ingurukoek ere (Stanisic Hagan dago, auzipetuta).
Serbiako Bilic egunkariaren arabera, gutxienez bi aldiz bidaiatu zuen Hadzicek Errusiara bere ihesaldian, eta aldi bakoitzean hainbat urte igaro zituen han. Lan egiten zuela gaineratu du, eta soldataz gain bere laguntzarekin 1990eko hamarkadan Kroazia ekialdean estraperloan aberastu zirenek bidaltzen zioten dirua ere bazuela. "Mesedea itzuli zioten", dio egunkariak, "ondo informatutako iturriak" erabiliz.