Sugarrak ziztu bizian ari dira Yarmoukera urreratzen, norbaitek palestinarrak sutara bultzatu nahi balitu bezala». Raxad Abu Xawar idazle eta kazetari palestinarrak joan den uztailaren 20an egin zizkion adierazpenok Jerusalem Post Israelgo egunkariari, eta atzo, bi aste geroago, pisu handiagoa hartu zuten haren berbek. Gutxienez 21 palestinar hil zituzten Damaskoko Yarmouk errefuxiatuen kanpalekuan.
Milioi erdi errefuxiatu palestinar bizi dira Sirian, eta horien herenak Yarmoukeko kanpalekuan bizi dira. Iluntzean izan zen erasoa, eta kanpalekuko merkatua izan zuen jomuga: jende ugari zegoen han, Ramadan gaueko jatordurako erosketetan. «Ez dakigu nondik etorri diren morteroak. Ez dakigu Siriako erregimenak bota dituen ala ez», azaldu du egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Oposizioak Damasko egin du erantzule; gobernuak, berriz, «talde terroristak». Palestinarrak eurak ere ez datoz bat erasotzailean: Maan informazio agentzia palestinarraren arabera, Baxar al-Assaden indarrak izan dira; Yarmoukeko Herri Batzordearen esanetan, aldiz, «terroristak».
Siriako errefuxiatu palestinarrek ez dute ez alderdi baten, ez bestearen alde egin, baina gatazkaren erdian daude, eta biktima bihurtu dira. Duela gutxi, PLA Palestina Askatzeko Armadako hamasei kide hil zituzten Damaskon —Siriako Gobernuak babestu egiten du PLA—, eta hiriaren kanpoaldeko zelai batean agertu ziren haien gorpuak, lepoa moztuta. Siriako Armada Askeak uztailaren 16an argitaratutako agiriaren arabera, «Siriako erregimenaren aldeko lider palestinarrak ziren» eta, ondorioz, «bidezko jomuga».
Neutraltasun zaila
Oreka zailetan oinarritzen da palestinarren neutraltasuna Siriako gatazkan. Historikoki, harreman gatazkatsua izan du Siriak hainbat fakzio palestinarrekin: PAN Palestinako Aginte Nazionala kontrolatzen duen Al-Fatahekin, esaterako. Hamasek, ordea, Israelen kontrako borrokak bultzatuta, harreman estuagoa izan du Al-Assadekin: 1999an Jordaniatik kanporatu zutenetik, Damaskon izan du Gazatik kanpoko kuartel nagusia. Joan den otsailean, baina, urtebeteko isiltasuna hautsi eta matxinada babestu zuen. Izan ere, palestinar gehienak sunitak dira, Siriako herritarren gehiengoaren eta oposizioaren antzera. Al-Assad, ostera, alauita da, xiismoaren adar batekoa.
«Neutraltasunari gogor heldu beste erremediorik ez dugu», adierazi zion, hala ere, DFLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoko ekintzaile batek The Independent egunkariak astelehenean. Irakasgai odoltsuak izan dituzte iraganean palestinarrek, eta horregatik egin dute neutraltasunaren alde Sirian. Libanoko gerra zibilean (1975-1990), ezkerreko musulmanen aldean aritu ziren borrokan palestinarrak, eta porrotaren ostean, gorrotoa, hilketak eta kartzela jaso zituzten ordaintzat. Kuwaiteko errefuxiatu palestinarrek Iraken inbasioa babestu zuten 1990ean, eta ordainetan Jordaniara kanporatu zituzten 1991n. 1948tik Iraken bizi ziren palestinarrek —35.000 inguru—, berriz, 2003an jaso zuten Saddam Hussein babestu izanagatiko zigorra: AEBen inbasioaren ostean, jazarri egin zitzaizkien, eta hil eta kanporatu egin zituzten asko.
Neutraltasuna hartu dute salbazio esperantza bakartzat Sirian, baina gertakariek erakusten dute aukera horrek ere ez dituela sutik libratuko. Duela hamazazpi hilabete al-assadtarren agintearen kontrako matxinada hasi zenetik, 300 palestinarretik gora hil dira, eta ehunka familiak beste herrialde batzuetara alde egin dute. Ihes etengabean.
Iheslari palestinarren zigorra
Damaskoko errefuxiatuen kanpalekuan 21 palestinar hil zituzten atzo. Siriako gatazkan, 300dik gora hil dira dagoeneko. Gerrak erdian harrapatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu