Iaz, 65,5 milioi iheslari. Gerragatik, indarkeriagatik edota jazarpenagatik etxea uztera behartuak izan zirenen kopurua "gehiengo historikora" igo zen iaz, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera: 65,6 milioi pertsonak alde egin behar izan zuten. Horietatik, 40,3 milioi iheslari beren herrialdeko beste eremu batera joan ziren; 22,5 milioi beste herrialde batera, eta 2,8 milioik asilo eskariak egin zituzten.
Batez ere, siriarrak. 2016 amaieran, siriarrak ziren bizilekua uztera behartuak izan ziren herritar kopuru handiena, UNHCRk azaldu duenez: hamabi milioi. Herrialde horretan, 1.000 biztanletik 650 dira iheslariak. Bigarren talde handiena kolonbiarrek osatzen dute —kasu horretan, barne iheslariak dira batez ere—. Irakiarrak, afganiarrak eta Hego Sudangoak dira beste multzo handienetakoak.
Iaz eta aurten, 6.500 hildako. UNHCRk plazaratutako txosten baten arabera, ihesean zihoazen 6.500 lagun inguru hil dira 2016an eta 2017ko lehen sei hilabeteetan. Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi egin du hori, eta giza korridoreen alde azaldu da. Errefuxiatuen Egunez eginiko adierazpen instituzionalean, "giza eskubideak betetzeko" politikak ezartzearen alde egin du.
Etenik gabeko krisia. UNHCRk ohartarazi duenez, hiru itsasontzi hondoratu dira azken orduetan Mediterraneoan. Gutxienez 126 lagun hil dira horietan.
Iheslarien erdiak, haurrak. 2016an zenbatutako iheslarien %51 18 urtetik beherakoak direla nabarmendu du UNHCRk. Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu duenez, Balkanetan eta Grezian 26.000 adingabe daude ihesean; 3.000 inguru Balkanetan leudeke, horietatik 1.300 bakarrik, eta, beraz, esplotazioaren biktima izateko arriskuan. Grezian, berriz, 23.000 ume daude ihesean, ez atzera ez aurrera, Europako Batasunak eta Turkiak eginiko akordioaren ondotik.