nepal

Ikarak hartua du Nepal

Richter eskalan 7,3 graduko lurrikara batek astindu du Nepal. 8.100 hil eragin zituen seismotik bi astera, beste hirurogeitaka hildako izan dira.

Xabin Makazaga.
2015eko maiatzaren 13a
17:37
Entzun

Lurrak beste astindu handi bat eman du Nepalen; eta apirilaren 25eko lurrikarak kalterik handien eginiko eremuan, gainera. Richter eskalan 7,3 graduko indarra izan du atzoko lurrikarak, eta epizentroa Katmandu hiriburuaren eta Everest mendiaren arteko erdibidean izan da, Kodari herritik gertu, 15 kilometroko sakoneran. Hala jakinarazi du USGS AEBetako Geologia Zerbitzuak. Zortzi mila hildako baino gehiago eragin zituen lurrikara izan eta hamazazpi egunera, izuak hartu du berriro Nepal. Gutxienez 48 lagun hil dira Nepalen bertan —lehen datuen arabera—, Indian beste 17, eta Tibeten bat. Zaurituak milatik gora izan dira.

Dolakha eta Sindhupalchowk barrutien artean gertatu zen atzoko lurrikara; azken eremu horretan zenbatu zituzten apirilaren 25eko astinduak eragindako 8.100 hildakoetatik heren bat. Artean eraikinetako hondakinak garbitzen eta giza laguntza banatzen ari zirela gertatu da bigarren lurrikara Nepalen, eta segidan sei erreplika ere izan ditu, 6,3 gradu artekoak. Aurreko lurrikarak kalterik handien eginiko eremua izaki, ordea, bizilagun asko inguru horretatik alde eginak ziren.

Sushil Koirala Nepalgo lehen ministroak lasaitasunerako deia egin du lurrikararen ondoren, eta ahal duten heinean erreskate taldeei laguntzeko eskatu die herritarrei: «Gure baliabide guztiak martxan jarri ditugu». Chautaran, Sindhupalchowk barrutiko hiriburuan, hondakin artetik gorpuak ateratzen ari direla jakinarazi zuen atzo OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak, eta hiru lur-jausi handi izan direla erantsi du barrutiko arduradun batek.

Eraikinak jausteko beldurra

Katmandu hiriburuan izuak hartu du jendea, eta eraikinen kanpoaldeko zelaiguneetan bildu dira herritarrak. Aurreko lurrikarak kalte egindako etxeak atzoko astinduaren eraginez hondoratuko ote diren, horrexen beldur dira Nepalgo hiriburuan. Herrialde osoan 300.00 etxe eraitsi eta beste 200.000 hondatu zituen aurreko lurrikarak, eta, nazioarteari 1.600 milioiko laguntza eskatu ondotik, 1.780 milioiko berreraikuntza plan bat onartu du gobernuak.

Apirilaren 25eko astinduak bereziki hiru solairu baino gehiagoko eraikinak bota zituela ikusi dute Nepalgo agintariek, eta etorkizunean maila horretatik gorako etxebizitzarik ez eraikitzea aztergai dute. Nepalen 80 urtean izandako lurrikararik gogorrena izan zen apirilaren 25ekoa, eta Himalaiako eremuan hamar urtean izandako okerrena. 84.000 lagun hil ziren 2005ean Kaxmirren izandako lurrikaran.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.