Giza eskubideen defendatzailea

Samantha Vargas: «Ikusgaitasuna bi ahoko ezpata da: ez dakizu babestuko zaituen ala arriskuan jarri»

Mexikoko Morelos estatuan jarduten du Vargasek, irrati komunitario batetik giza eta ingurumen eskubideak defendatzen. Energia megaproiektuek dakarten indarkeria salatu du.

Samantha Vargas, Basoa etxean antolatutako topaketetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Samantha Vargas, Basoa etxean antolatutako topaketetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Arteaga
2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Megaproiektuen inguruan «egia» kontatzen dute hedabide komunitarioek, Samantha Vargasek aldarrikatu duenez. Orain hamar urte, irrati komunitario baten sorreran parte hartu zuen Amilcingo herrian (Mexiko), Morelosko Proiektu Integralaren inguruko «hesi informatiboa hausteko». Berriki Euskal Herrian izan da, egitasmoa salatzen; besteak beste, giza eskubideen defendatzaileen eta komunikatzaileen artean Basoan (Arteaga, Bizkaia) egindako topaketa batzuetan parte hartu du.

Zer lotura dago giza eskubideak defendatzearen eta komunikazio komunitarioaren artean?

Giza eskubideak defendatzen dituzunean, bidegabekeriak eta botere gehiegikeriak salatzen dituzu. Eta hedabide komunitarioek ahots horiek ozendu egiten dituzte, komunitateetara zabaldu. Hori oso garrantzitsua da: adierazpen askatasuna ere eskubide bat da.

Zer alde dago hedabide komunitarioen eta komertzialen artean?

Gure irrati komunitarioa, adibidez, egunerokoarekin lotuta dago. Hesi informatiboak apurtzeaz gain, gertuko kultura indartzen dugu. Hedabide komertzialek, ordea, boterearen diskurtsoa hartzen dute: aurrerabidearen eta garapenaren kontakizun hegemonikoa zabaltzen dute, eta ongizatearekin lotu, iritzi publikoa megaproiektuen alde jartzeko. Hedabide komunitarioetatik saiatzen gara kontakizun hori desmuntatzen, kontzeptuak xehatzen: zer da aurrerabidea? Gure herrientzat, garapena ez da errepide handi bat edukitzea, baizik eta estatu politiken bidez nekazaritza sustatzea. Ez dugu uste ekonomia kapitalista haztea denik garapena: horrek miseria eta indarkeria ekarri ditu gurera.

Oraintxe, megaproiektu baten aurka ari zarete. Zertan da?

Energia proiektu bat da, hiru elementuz osatua: ubide bat, Coautla ibaiaren ura eramango duena; ziklo konbinatuko bi zentral Morelosen; eta 160 kilometroko gasbide bat, Tlaxcala, Puebla eta Morelos estatuak zeharkatuko dituena, Popocatepetl sumendiaren magaletik. Egitasmoak ingurumen arrisku asko dakartza, eta herri indigenen eskubidea urratzea, ezingo baitute erabaki nolako garapena nahi duten, eta proiektu honek eraldaketa bat inposatuko baitie: orain nekazaritza bizimodua dute, eta bizimodu industrial bat etorriko zaie. Mexikon zabaltzen ari den megaindustrializazioaren parte da egitasmoa: korridore industrial batzuk egin nahi dituzte gasbidearen ibilbidean. Ikuspegi kapitalista eta estraktibistatik begiratuta, lurralde horiek salgaiak dira, dirua egiteko aukera: mendietan meategiak jartzeko, ibaietan zentral hidroelektrikoak... Eta egitasmo horiek beste azpiegitura batzuk ekartzen dituzte, langileentzako etxebizitzak... Eraldaketa erabatekoa da.

«Hedabide komertzialek boterearen diskurtsoa hartzen dute: garapenaren kontakizun hegemonikoa zabaltzen dute»

Proiektua inposatzeko orduan hainbat fase izan dira, eta gertakari esanguratsu bat izan zen Andres Manuel [Lopez Obrador, Mexikoko presidentea] gobernura sartu zenean: kanpainan esan zuen egitasmoa bertan behera utziko zuela, baina, boterera iristean, kontsulta bat iragarri zuen, eta jendea asko haserretu zen harekin, ez zuelako hitza bete. Orduan hasi zen gure aurkako eraso mediatikoen garaia: Andres Manuelek esan zuen irratikoak «ezkerreko erradikal ultrakontserbadoreak» ginela. Guk egitasmoaren inpaktu negatiboak azaleratzen genituen. Egun batean, Samirrek gezurtatu egin zuen gobernadoreak esandako zerbait, eta biharamunean hil egin zuten, etxeko atarian, tiro eginda. Oso garai zaila izan zen, eta, ondoren, errepresio handia etorri zen: krimen antolatua gatazkan sartu zen, eta indarkeria dinamika oso bortitza ekarri du. Estatuko Fiskaltzaren esku geratu zen hilketa ikertzea: lau urtean krimen antolatuaren ildoa baino ez du ikertu, nahiz eta guk askotan nabarmendu dugun Samir giza eskubideen defendatzaile izateak zerikusia izan zuela gertatutakoarekin. 

Zer ondorio izan du krimen antolatuaren jardunak?

Guk narkomilitarizazio esaten diogu: krimen antolatuaren eta armadaren arteko nahasketa bat da; finean, kontrainsurjentzia bat. Proiektu hau inposatu egin dute, eta komunitateen eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria erabili dute horretarako. Gurean, bortizkeriak antolakuntza desegin du. Izan ere, Amilcingo komunitate errebeldea zen: autonomia prozesu batean ginen, osasun eta hezkuntza prozesu propioak abiatuak genituen, alderdi politikoak komunitatetik atera genituen... Samir ez zuten hil soilik proiektuagatik, baizik eta gobernuak ez zuelako gustuko Amilcingoko prozesua. Mezu bat izan zen denontzat.

«Proiektu hau inposatu egin dute, eta komunitateen eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria erabili dute horretarako».

Nola zaudete irratian orain? Beste erasorik jasan duzue?

Oso une konplexua da. Beldurrez gaude. Samirren hilketaren ostean, esatari askok utzi egin zuten; asko kostatu zaigu irratia bizirik iraunaraztea, ez dakigu oso ondo nola jarraitu borrokan. Bolada batez, bai, mehatxuak egin zizkiguten, jazartzen ziguten... Ez da beste eraso larririk izan, baina ezin gara aritu lehen bezala, ezin dugu ekitaldi handirik antolatu. Gainera, ez da beldurra bakarrik: kontrainsurjentzia estrategia bat da komunitatea zatitzea, esamesen bidez, adibidez, pertsona aktiboei izen ona kenduz; jendeak antolatu nahi ez izatea eragiten du horrek, besteak beste.

Honelako elkarrizketek lagundu egiten dute borrokak ikusarazten, baina arriskutsua izan daiteke zuek nazioartean ere ikusgai jartzea?

Salatzeak laguntzen du, noski: ezinbestekoa da zer gertatzen ari den jakitea. Guretzat oso garrantzitsua da Euskal Herrian egotea, hemengoa baita proiektuko enpresetako bat: Elecnor. Orain saldua du bere partaidetza, baina garai batean Espainiako Merkataritza Ministerioak ere diruz lagundu zuen egitasmoa; beraz, Espainiako Estatuak badu nolabaiteko ardura. Horregatik eskatzen dugu diru laguntza horien jarraipena egiteko, ziurtatzeko giza eskubideak errespetatzen direla.

Edonola ere, gure ikusgaitasuna bi ahoko ezpata da: ez dakizu babestuko zaituen ala arriskuan jarri; Samir ez zuen babestu ikusgai izateak. Gainera, giza eskubideak salatzeko ahotsak bilatu behar dira, baina pertsona bat maximizatzeak barne prozesuetan eragin dezake, batez ere indarkeria egoeretan, esamesa asko daudenean. Erronka bat da gure borrokei buruzko kontakizun berriak sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.