Ikusleek gidatu dute Obama eta Romneyren arteko bigarren aurrez aurrekoa

Bart jarri dira berriz aurrez aurre AEBetako presidentetzarako hautagai demokrata eta errepublikanoa

Erredakzioa
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bart egin dute AEBetako presidentetzarako hauteskundeetako hirugarren eztabaida saioa; bigarrena izan da Barack Obama eta Mitt Romney hautagaientzat. Lehenengoz, urriaren 3an jarri ziren aurrez aurre bi presidentegaiak, eta aurreko astean, haien ondorengoak. Bart —gaur goizaldera, Euskal Herrian— Hempstedeko Hofstra Unibertsitatean egin dute Obamak eta Romneyk bigarren zuzenekoa, New Yorken. Ohi bezala, ordu eta erdiz aritu dira.

Aurrekoan ez bezala, herritarrek egindako galderen inguruan eztabaidatu behar izan dute oraingoan. Gallup inkestak egiten dituen enpresak hautatu ditu aurrez 80 herritar. Nagusiki, Hofstra unibertsitatea dagoen eskualdean bizi diren pertsonak eta zalantzatiak aritu dira galdezka; alegia, azaroaren 6an botoa ematera joateko asmoa bai baina nori eman oraindik erabaki ez dutenak. Moderatzaile bat izan dute, ordea: Candy Crowley CNN kateko politika saileko kazetariak aukeratu eta antolatu ditu galderak. Edozein gai jorra zezaketen, baina galderako bi minutu baino ez ditu izan hautagai bakoitzak.

Lehia, geroz eta estuago

Hiru aste baino ez dira falta hauteskunde egunerako, eta bi hautagaiak nahiko larri dabiltza. Aurreko debatea egin arte, Obama eroso samar zihoan aurretik, baina saio hartan ez zuen jakin Romneyren oldarkortasunari aurre egiten, eta inkestetan apur bat behera eginarazi zion horrek. Obamak esan zuen «gau txarra» pasatu zuela eta hurrengoan «oldarkorragoa» izango zela.

Espektatibak, behintzat, handiak dira. Aurreko astean, nazio osoko galdeketa batzuek Romneyren aldeko emaitzak iragartzen zituzten, ozta-ozta baina. Atzo argitaratutako datuen arabera, Obamak berreskuratu du lehen postua, baina oso alde txikiarekin lasai ibiltzeko. Horregatik pasatu ditu Obamak oraingoan ere hiru egun aurrez aurrekorako prestatzen, aurkaria Ohio estatu funtsezkoan kanpaina egiten ari zen bitartean. Astelehenean dute hirugarren eta azken eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.