Ilargiko harrien kontra jo eta suntsitu egingo da gaur Europako Espazio Agentziaren (ESA)Smart-1 zunda. Txinparta eta hauts hodei handi batean amaituko bada ere, «arrakasta itzela» deritzote zundaren misioari ESAko arduradunek. Izan ere, Ilargiaren sorrera argitzen lagunduko duten datuak jasotzeaz gain, espazioaren esplorazioa eralda dezakeen propultsio sistema berria erabili du Smart-1ek, arrakasta osoz.
Talka Ilargiaren hegoaldeko Lacus Excellentiae (Bikaintasunaren Aintzira) gunean gertatzea espero dute misioko buruek, Clausius kraterretik gertu. Euskal Herrian goizeko 07:42 direnean gerta litekeela kalkulatu dute, baina baliteke lehenago edo geroago ere gertatzea. Izan ere, Ilargiaren inguruan egingo dituen azken itzulietan, satelitearen azala ia horizontalki zeharkatuko du ontziak, orduko 7.200 kilometroko abiadan, eta ezin da zehazki esan aurretik zein tontor edo kaskoren kontra joko duen. Ilun egongo da Ilargiaren gunea talkarentzat aurreikusiriko orduan, eta horrek erraztu egingo du kolpearen eragina Lurretik ikustea. Soilik Amerikatik eta Ozeano Baretik ikusi ahal izango da, ordea.
MOTOR IRAULTZAILEA. 2003ko urrian espazioratu zuten zunda, eta 13 hilabeteren buruan Ilargiaren orbitan zegoen. Ondoren, satelitearen inguruan biraka ibili da, haren osaketa kimikoa aztertzen. Hainbat zientzialariren arabera, Marteren tamainako objektu batek Lurraren kontra talka egin zuenean sortu zen Ilargia. Zundak emaniko datuekin teoria hori frogatu edo gezurtatzea espero dute zientzialariek.
Edonola ere, Europaren Ilargirako lehen misioaren arrakasta nagusia motor berritzailea da. Ioien bidezko propultsioaren bidez, Smart-1-ek soilik 60 kilo erregai erabili ditu bidaian, ohiko koheteek baino bost aldiz gutxiago. Erregaia aurreztuta, urtebete luzatu ahal izan du misioa ESAk. Erregai kiloko 10 aldiz bultzada handiagoa lortu du zundak eta orduko 10.000 kilometroko abiada hartu du. Horrek sekulako aukerak ematen ditu espazioan bidaia luzeak egiteko. Sistema berria ezarriko du ESAk etorkizuneko zunda gehienetan, besteak beste Merkuriora bidaiatu asmo duen BepiColumbo misioan. ESAren arabera, orain arte ezinezkoak ziren pisuak bidali ahalko dira espaziora, eta bidaien denbora asko murriztuko da, baita kostuak ere.
Ilargiaren kontra suntsitu egingo da gaur 'Smart-1' Europaren zunda arrakastatsua
Propultsio sistema berria probatu du ontziak, eta ohiko koheteek baino askoz erregai gutxiago gastatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu