Giza eskubideak

Ilunabar aldeko herria

Indarkeria giroak segitzen du Mexiko astintzen, eta emakumeak kolpatzen ditu bereziki; krimen antolatuaren eta botere politikoaren arteko harremana ikertzera ausartzen diren idazle eta kazetariek arriskuan jartzen dute bizia.

jarraia91077.jpg
gotzon hermosilla
2014ko apirilaren 20a
17:52
Entzun

Berba itsusia da feminizidio. Are itsusiagoa da horren atzean ezkutatzen den errealitatea. Hitza aspaldi luzetik erabiltzen da, baina 1990eko hamarkadan eta hurrengoan egin zen ezagun, hedabide askok erabili zutelako Ciudad Juarezen (Mexiko) gertatzen ari zena deskribatzeko, hildako emakumeen gorpuak agertzen ari zirenean, horietako askok indarkeria zantzu nabariak zituztela. Baina Ciudad Juarezekoa, larria eta lazgarria izanik, Mexiko osoan gertatzen ari denaren kasu bat baino ez da.

Mexikoko azken urteetako historia indarkeriari estu loturik agertzen da. Amesgaiztoak akaberarik ez duela dirudi. Agintariek talde antolatuei egozten diete herrialdeak pairatzen duen bortxazko giroaren errua, eta azken bolada honetan "narkotrafikoaren kontrako gerra" bilakatu ei da Enrique Peña Nieto presidentearen lehentasun erabatekoa. Baina, paradoxikoki, talde antolatu horien erroak indarkeriari gerra deklaratu dion botere horren erraietara iristen dira, eta badirudi Mexikoko estatuaren aparatuetan habia egin duen ustelkeriak zerikusi handia duela indarkeriaren bilakaeran.

Bitartean, emakumeek, adin txikikoek eta herritar txiroek jarraitzen dute indarkeriazko gurpil zoro horren biktima nagusiak izaten. Eta gertakari hutsen atzean dagoena arakatzen saiatzen diren ikerlari eta kazetariek ere larrutik ordaindu dute horretan ahalegindu izana: 73 kazetari hil dituzte 2000tik 2013ra, eta mehatxatuta bizi direnak ere ez dira gutxi.

Bahitua eta torturatua

Sergio Gonzalez Rodriguez (Mexiko Hiria, 1950) Bilbon izan da apirilaren hasieran, Gutun Zuria literatur jardunaldietan parte hartzen. Idazle eta kazetaria da Gonzalez, eta ondo baino hobeto daki zer gertatu ahal zaion Mexikoko krimen antolatuaren sareak ikertzen ausartzen denari. Huesos en el desierto (Hezurrak basamortuan) Ciudad Juarezen emakume eta neskatoen kontrako indarkeriaren kronika argitaratu zuenean, bahitua eta torturatua izan zen. Buruan pistolaren giderrarekin emandako kolpeen ondorioz larri zauriturik suertatu zen, oroimena eta mintzatzeko gaitasuna galdu egin zituen, eta denbora luzean hiltzeko zorian ere egon zen.

Gonzalezek, baina, ez dio uko egin bere konpromisoari, bizia arriskatzen ari dela dakien arren. "Ciudad Juarezen ordena konstituzionala galdu da eta krimena eta delitua gailendu dira", adierazi du. "Baina, horren aurrean, jendeak ez du etsi. Han, instituzioak ez dira eraginkorrak, axolagabeak dira, ustelak, eta baimendu da krimen antolatua botere politiko eta ekonomikoarekin uztartzea, mugaldean eta herrialdeko beste zenbait lekutan. Eta instituzioen ardura izan beharko luke ordena eta legearen agintea berreskuratzeak".

Ciudad Juarezeko feminizidioa edo emakumeen hilketa masiboa 1990eko hamarkadan hasi zen: "Hain larria izan zenez, feminizidioak lege izaera erdietsi zuen eta gaur egun delitu gisa izendatuta dago Mexikoko legeetan", azaldu du Gonzalezek. "Ez da soilki Ciudad Juarezen kasua izan, emakumeen kontrako muturreko indarkeria herrialdeko beste zenbait tokitan ere gertatu da, baina Ciudad Juarezen hasi zen, han zigorgabetasun maila ikaragarria izan du eta oraindik borrokatu behar dugu justizia egin dadin".

Kalkulatzen da 1993tik 2012ra 700 emakume inguru hil dituztela Ciudad Juarezen. Zergatiak bilatzen hasita, adituek nabarmendu ohi dute ez dagoela gertatutakoa azal dezakeen arrazoi bakar bat, eta faktore ugarik bat egin dutela Mexikoko iparraldeko hiri horretan: emakume askok etxetik kanpo lan egiteak, mugaren gertutasunak, gaizkile taldeen jarduerak, administrazioaren utzikeriak eta bestek. Baina inor gutxik jartzen du zalantzan arrazoi horien guztien atzean pentsaera eta jokabide matxisten eragina dagoela.

Gonzalezek dioenez, hilketa horietako askok serieko hilketen ezaugarri guztiak zituzten: "Frogatuta dago bazeudela gutxienez bizpahiru gaizkile talde, festa giroko hilketak egiten zituztenak, modu sistematikoan kamioneta hartuta ateratzen zirenak emakumeak bahitu, bortxatu eta hiltzera, eta babestuta sentitzen zirela Polizia eta botere politiko eta ekonomikoaren aldetik".

Emakumeen kontrako indarkeria Mexiko astintzen duen bortxazko giroaren alderdirik krudelena da, baina ez bakarra. 2006ko abenduan Mexikoko estatuak "narkotrafikoaren kontrako gerra" deklaratu zuenetik, hildakoak milaka zenbatzen dira, horietako asko, gatazkarekin inolako zerikusirik ez zuten herritar xumeak.

Estatua, legetik at

"Zigorgabetasuna" aipatu du Gonzalezek, eta, horra helduta, gaizkile taldeen eta boterearen arteko harremanaz hitz egin behar da. "Ustelkeria" kokatzen du Gonzalezek harreman horren oinarrian, baina, bere ustez, ustelkeria ez da soilki "norbaitek dirua ematea beste norbait erosteko". Askoz arazo sakonagoa da, eta "sistema osoa" kutsatzen du.

Adibidez, krimenaren bidez lorturiko dirua zuritzea negozio erraldoia da, Gonzalezek dioenaren arabera. Jende askoren poltsikoak berotzen ditu, bai, baina hori baino garrantzitsuagoa da ekonomian duen eragina: kapital handiak mugiarazten ditu, eraikuntzan, hoteletan, zerbitzuetan eta beste zenbait sektoretan inbertsioak errazten ditu. "Horrek dinamika sozial handiak sortzen ditu", azaldu du Gonzalezek, "eta apurka-apurka denak sartzen dira: poliziak, armada, enpresaburuak, bankariak eta abar. Legezkoa dena eta legezkoa ez dena uztartzen dira, bereizezin bilakatu arte. Estatua bera legetik at kokatzen da".

"Bere buruaz besterendutako herrialdea" da Mexiko, Gonzalezen esanetan, bere baitan askotariko errealitateak biltzen dituena, eta sekulako barne desberdintasunak dituena. Ezagutzen duten guztiek nabarmentzen dute, esaterako, hiriburuak eta hiriburutik urrun dauden estatuek elkarrekin zerikusi gutxi dutela. "Oso herrialde handia da; adibide bat jartzearren, Chihuahua estatua Frantzia osoa baino handiagoa da", adierazi du Gonzalezek. "Munduko hamabost ekonomiatarik garrantzitsuenetako bat da, baina botere ekonomiko hori batez ere 39 familiaren eskuetan dago. Eta informazioari dagokionez gabezia handiak ditu, nazio osoa hartzen duten hedabideak oso gutxi direlako. Hegoaldekoek ez dakite iparraldean zer gertatzen den, eta alderantziz".

"Krisian, desegituratuta eta hautsita" dagoen gizarte horretan, krimen antolatua erraz eta erruz hazi da. Eta krimen horiek oso gutxitan jasotzen dute zigorra. Gonzalezen ustez, horrek arrisku bikoitza dakar, herritarren segurtasunik eza bultzatzeaz gain, mezu argia igortzen baitie gazteei: "Legea urratuta ere, ez da ezer gertatzen. Beraz, urra ezazu zuk ere". Gonzalez biziki kezkatuta dago kontu horrekin: "Mexikoko zenbait lekutan, gaztetxoek ez dute pentsatzen norbait hiltzea txarto dagoela. Hori da larria, herrialdearen etorkizuna arriskuan jartzen ari delako".

Gonzalezek ez du uste irtenbidea errepresioa gogortzetik iritsiko denik. Alde horretatik, pentsatzen du agintariek "narkotrafikoaren kontrako gerra" baliatu dutela indar armatuen eragina handitzeko, gizartea "paramilitarizatzeko" eta indarkeria jasan duten emakumeentzako laguntzak desbideratzeko.

Espero gabeko beste fenomeno bat ekarri dute bortizkeria giroak eta narkotrafikoaren kontra hasitako kanpaina militarrak: zenbait lekutan, herritarrek osaturiko "autodefentsa patruilak" agertu dira. "Horren emaitza bakarra da gizartea militarizatzea. Nik uste dut talde horiek guztiak amaituko direla droga kartel bati edo tokian tokiko botere politiko bati lotuta".

Sustrai sakonak ditu indarkeriak Mexikon, eta ez da egun batetik besterako lana izango hori aldatzea. Gonzalezek ez du esperantza galdu: "Mexiko erdi ilunpetan dago, ilunabar aldean bizi da. Pentsatu behar dugu zer egin ilunabar horretatik ateratzeko. Gurea oso herrialde gaztea da, gazteek osatzen dute gehiengoa, baina gazte horiei ez diegu inolako etorkizunik eskaintzen. Urte gutxiren buruan, Mexikoko biztanleria zahartzen hasiko da, eta ez dago horri aurre egingo dion osasun zerbitzurik, hezkuntzarik, etxebizitza sistemarik. Orain hasi behar dugu gure geroa zuzentzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.