Azken inkesten arabera, Karzaik eskuratuko ditu botoen %45, eta Abdulak %26. Hori hala balitz, bigarren itzulian erabakiko litzateke lehia. Baina, adituen ustez, agintariek ahalegin oro egingo dute halakorik gerta ez dadin, arriskutsua eta garestia litzatekeelako -158 milioi euro behar izan dira bozak antolatzeko-; per capita errenta 248 eurokoa da herrialdean.
Atzo amaitu zuten kanpaina, eta dena prest dute gehienek alferrekotzat, eta zenbaitek pedagogikotzat dauzkaten hauteskundeak egiteko. 30 urtez gerran egon ostean, herrialdearen hiru laurdenak erabat suntsituta daudenez, astoak erabili behar izan dituzte bozkalekuak herrietara eramateko. Nazioarteak ere soldadu gehiago bidali ditu segurtasuna bermatzeko, eta baita begiraleak ere. Azken horien kasuan, ordea, azpiegitura falta eta atentatu arriskua dela eta, soilik bozkalekuen %70ean egongo dira. Horrek guztiak, baina, ez ditu isilarazi iruzurra salatzen duten ahotsak. Oposizioko hautagaiekbotoak erostea leporatu diote Karzairi. Zenbaitek salatu dute presidentearen anaiak, Ahmed Uali Karzaik, taldeak osatu dituela etxeetara joan eta botoak eros ditzaten. «Marjan eta beste barruti batzuetan ezin dugu bozkatu, segurtasun arazoak direla eta. Bozkatzeko txartelak erosten ari gara, 30 dolarren truke -21 euro inguru-», azaldu dio Helmandeko buruzagi batek The Times kazetari.
Datu ofizialen arabera, 16,6 milioi herritarrek izango dute bozkatzeko aukera, baina oposizioak uste du erroldak manipulatu egin dituztela. Izan ere, Afganistanen ohikoa da aita arduratzea etxekoen datuak erroldara eramateaz, eta zail da informazioa zuzena den jakitea, ezinezkoa delako etxez etxe joatea datuak egiaztatzeko. Horiek hala, Ashraf Gani Finantza ministro izandakoak eta presidentetzarako hautagaiak salatu du erroldetan gezurrezko 600.000 izen inguru daudela, eta horiek Karzairen alde egiteko erabiliko dituztela.
Ustelkeria
Nazioarteak 45.000 milioi euro eman ditu Afganistan berreraikitzeko, baina soilik diruaren %12 erabili dute agintariek horretarako. Beste guztia bidean galdu da. Transparency International gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gardenenak diren herrialdeen zerrendan 176. tokian dago Afganistan -180 naziok osatzen dute zerrenda-.
Hautagaiek ez dute horren guztiaren erantzukizuna Karzairi egozteko aukera galdu. «30 urte luze iraun duen gerra amaitu behar dugu, justizian eta berdintasunean oinarritutako herrialdea eraikitzeko. Ustelkeriarik gabeko gizartea zen gure itxaropena, baina itxaropen hori apurtu egin da», dio Abdulak.
Aita paxtua du Abdulak, eta ama, berriz, tajika. Ondorioz, bi etnien sostengua izango du. Baina Karzai bera ere paxtua da, eta hainbat gerra jauntxorekin akordioak lortu ditu beste etnien sostengua bereganatzeko. Horrek, ordea, Washingtonen kritikak eragin ditu; izan ere, gobernu berrirako aukeratu dituen gerra jauntxoetatik askori gerra krimenak egozten dizkiete. Baina akordioek Afganistanen ere haserrea eragin dute. «Karzai presidenteak porrot egindako nazio bilakatu du hau. Herrialdea demokraziara bideratu beharrean, akordioak egin ditu kriminalekin», salatu du Ganik.
Talibanek Afganistango bozei boikota egiteko deia egin dute, eta erasoak gogortu dituzte; 2001etik, gerra hasi zenetik, une larrienak bizitzen ari dira herritarrak, eta mila zibil baino gehiago hil dira urte erdian erasoetan.
Hauteskundeak lubakietatik
Amagoia Mujika.Helmand, Kandahar eta Kabul lehertuta daude. Ez da egunik bonbaren bat lehertu eta harrapatzen duen guztia txikitzen ez duena. Militarrak dira jomuga, baina, kaleak, plazak, merkatuak lehertzen dira, abisurik gabe, garai batean bezala, 2001ean bezala. Gerrara itzuli dira. Talibanak ere gerran daude. Uztailaren 30ekoa da azken gerra oihua: «Talibanek afganiarrei dei egiten diete hauteskundeetan ez parte hartzera. Independentzia lortzeko, hauteskunde zentroetara joan beharrean, herriak jihad-aren lubakietara joan behar du, herria inbaditzaileengandik libratzera».
Bozkatzera joaten direnei hatzak moztuko dizkietela mehatxatu dute , eta hilabete eta erdian atzerriko indarren enbaxadak eta base militarrak leherrarazten saiatu dira, baina ez dute beti lortu, militarrek gotorturik dituztelako eraikinak. Herritarrak, berriz, ez daude babesturik. 2009ko lehen sei hilabeteetan, 1.103 zibil hil dira borroken ondorioz, Nazio Batuen Erakundeko Misioak emandako datuen arabera; iaz baino %24 gehiago; 2007an, berriz, 684 hil ziren urte osoan.
Desesperazioaren gerra da, eta ez dira talibanak soilik armak hartu dituztenak. «AEBek gerra irabaziko dute konturatzen direnean hemen ez dagoela talibanik, goseagatik borrokatzen den jendea dela». Amin Jusuf Kabulen bizi da, adobezko etxe batean, beste asko ez bezala. Duela bost urte Pakistandik bueltan etorri ziren herritarrak etxe inprobisatuetan bizi dira. Ordaintzen ez duten argia dute, baina urik ez, eta kalean oso usain txarra dago. Zabor eta bonba artean jolasten dira haurrak, eta etziko hauteskundeetako panfletoekin hegazkinak egiten dituzte.
Talibanen gotorlekuan, Afganistango hegoaldean, sartzea arriskutsua da. Atzerriko tropek eta Afganistango Gobernuak diote edozer egin behar dela bozak ziurtatzeko, talibanen eta militarren arteko erasoen erdian zibilak etorkizunik gabe geratzen badira ere. Hauteskundeak geroa erabakitzeko egiten dira, etorkizuna iluna duen herrian ere bai. Baina AEBetako tropek hartu duten bidea ikusita, zaila da pentsatzea erretiratu egingo direla; Afganistanen bakea ez dute berehala izango.
Soldadu gehiago
Barack Obamak Afganistanen jarritako Stanley McChrystal jeneralak militar gehiago eskatu ditu, udaberrian AEBetako presidenteak Afganistanerako onartu zituen 21.000 mila soldaduez aparte. AEBen asmoa da Afganistanek hartzea orain NATOko indarrek duten lekua, baina Afganistango Gobernuak oraingoz ez dauka bitartekorik armada profesional bat osatzeko.
Nazioarteko segurtasun indarrek 60.000 militar dituzte Afganistanen, eta horien erdiak estatubatuarrak dira. 76 soldadu hil dituzte uztailean, eta abuztuko martxak erakusten du hil honetan ere kopuru horretatik ez dela erraz jaitsiko. Anders Fogh NATOko idazkari nagusi berriak, hala ere, argi dauka: «Kosta ahala kosta, ahal den neurrian hauteskunde seguruak ziurtatu behar ditugu». Talibanei egindako erasoetan zibilak bidean erortzen badira ere.
Talibanak bizitza zibilera itzultzeko negoziatzen saiatzen ari dira, baina batzuek armak utzita ere, gehienak ez daude prest, makurtzea baita, eta, gainera, gerra irabazten ari direla pentsatzen dute.
Richard Hoolbrooke Afganistan eta Pakistanerako AEBetako ordezkari bereziaren ustez, «Afganistango gizartean lekua dago armak utzi, eta bizitza politikoan parte hartu nahi duenarentzat», baina badakite, 2001ean AEBek desegin zituzten talibanen taldeak berriz martxan direla, eta tropen presentzia handituz doan heinean indartuz doazela. Badakite, halaber, handik alde egiten dutenean borrokek jarraituko dutela. Beste gerra batzuetan utzi dituzten herri suntsituetan zer gertatzen den ikusi besterik ez dago.
%10
Bozkalekurik ez. Segurtasun arazoak direla eta, Afganistango agintariek ohartarazi dute bozkalekuen %10 ez dituztela zabalduko -700 inguru denera-. Hegoaldean daude gehienak. Talibanek han dute jarraitzaile gehien, eta erasoak egingo dituztela mehatxatu dute.Abdula Abdula
ALTERNATIBA INDARTSUENA
Abdula Abdula da (Kabul, 1960) Hamid Karzai presidenteari aurre egin liezaiokeen bakarra, inkesten arabera. 2001etik 2006ra Atzerri ministro izandakoak paxtu eta tajiken artean du jarraitzaile gehien, eta Karzai bezala, talibanekin hitz egiteko prest agertu da.Hamid Karzai