IMMIGRAZIOAREN HAZKUNDEA EUROPAN

«Immigranteak neoliberalismoaren aurreneko biktimak dira»

Kristina Berasain Tristan.
2003ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Beni Mellalen, Marokon, jaioa da Mohammed Dahiri. Arabiar hizkuntzan eta literaturan lizentziatua da. Lanbidez arabiera irakaslea da, baina immigrazioa izan du aztergai beti. Amaigabeak dira gaian sakontzeko egin dituen ikerketa, ikastaro, master eta mintzaldiak, eta horien guztien ondorio izan dira, immigrazioa ardatz, argitara eman dituen liburuak. Giza eskubideen aldarrian lan egiten duten hainbat erakunde eta talderentzat ere lan ugari egina da Dahiri. Arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako Europako sareako kidea da.

Urtetik urtera gora egiten du Europara etortzen diren immigranteen kopuruak, bidean bizitza galtzen dutenen kopuruak. Etengabea al da errealitate hau?

Bai eta ez du soilik gora egiten, bizia arriskatzen dutenen perfila ere nabarmen aldatu da: emakumeen, haurdun dauden emakumeen, eta adin txikikoen, hamabi urtetik beherako immigranteen portzentaia gora egiten ari da. Inkesten arabera, Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako hainbat herrialdetako lau gaztetatik hiruk emigratzeko asmoa dute, baldin eta beren sorterrian gutxieneko bizi duintasuna bermatzen ez bazaie. 1.100 milioi gazteez ari gara hizketan. Immigrazioa dela-eta Europan ezarri den errepresio eta kontrol politikak eragin du immigrazio klandestinoa, eta, horren ondorioz, Afrika eta Europa arteko itsasertzean errugabeen genozidioa sortu da. 1991. urteaz geroztik sei mila pertsona hil dira itsasertzean.

Alta, immigranteak behar direla aipatzen da behin eta berriro...

Bai eta etorkinek egiten duten ekarpen ekonomikoa estatuek haiengan gastatzen dutena baino altuagoa da, beraz, ez da egia, aditzera ematen den bezala, immigranteek gastua suposatzen dutela; guztiz kontrakoa da. Gainera, urtero milaka lanpostu gelditzen dira bete gabe, batez ere, nekazaritzan eta eraikuntzan. Beraz, argi dago immigranteak ez direla etortzen haiek nahi dutelako, baita Europako Batasunean behar direlako ere. Ildo horretatik, iparraldeko herrialdeen interes ekonomiko eta politikoek eragiten dute herrialde azpigaratuek haiekiko dependentzia izatea.

Ez litzateke, orduan, bidezkoagoa izango hegoaldeko herrialdeak zuzenean laguntzea bertako herritarrek emigratzeko beharra ez izateko?

Lagundu baino gehiago, kolonizazio urteetan lapurtu zaiena bueltatu beharko litzaieke. Ez da karitate keinu bat egin behar, kendu zaiena itzuli baino. Halaber, orain arte martxan jarri direnez aparte, bestelako alternatibak entseatu behar dira, hegoaldeko herrien kultura eta historia errespetatuko duen benetako garapen politika bat ezarriz. Herritarrak lagundu behar dira eta ez agintariak edo herrialdeotan interes ekonomikoak dituzten Europako enpresak.

Herritar askok lotu egiten dituzte immigrazio eta segurtasun kontzeptuak. Immigranteen kontrako erasoak areagotzen ari dira eta gehienetan izaera xenofoboa dute. Zeintzuk dira gertaera horien kausak?

CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Institutuaren arabera, herritarren %58,1ek segurtasunik ezarekin lotzen du immigrazioa. Mehatxu gisa ikusten da, batez ere, irailaren 11z geroztik. Data horren ondoren arabiar edo musulman izateagatik susmagarria zara.

Mehatxu gisa ikusten dira immigranteak. Zergatik?

Izaera errepresiboa duten neurriak ezarri dira immigrazioari aurre egiteko, eta hori justifikatzeko immigrazioa mehatxu gisa ageri da: izurrite, inbasio, jende-olde... Konotazio negatiboa duten hitzak erabiltzen dituzte bai komunikabideek bai agintari politikoek.

Zer iritzi duzu Europako Batasuna bera eta bertako herrialdeetako gobernuak onartzen ari diren immigrazio legeez?

Europako Batasuneko atzerri lege guztiek komunean dutena da ez direla immigrazioaren benetako errealitatera egokitu eta, ondorioz, ezartzen direnerako zaharkituta daudela. Errepresio eta kontrol polizialean oinarritu dira eta mugak ixteko eta kanporatzeak bideratzeko baino ez dute balio. Atzerapausoa dira; izan ere, immigrazioa zerbait onuragarri gisa jaso beharrean kulturalki eta ekonomikoki aberasgarria da eta kulturen arteko elkarkidetza sustatu beharrean, legeek arazo gisa jasotzen dute immigrazioa, kontrolatu beharra dagoen arazo gisa eta horrela bazterkeria, arrazakeria, xenofobia, beldurra eta gorrotoa sustatzen dute.

Zein neurri ezarri ahal dira legez kanpoko immigrazioaren arazoa konpontzeko?

Argi dago izaera zabalagoa duten alternatibak bilatu behar direla; soilik politika koherente eta osoak erabiliz egingo ahal diogu aurre egoerari. Ezin da immigrazioari bazterketatik heltzen jarraitu. Ikuspegia zabaldu eta fenomeno estruktural gisa ikusi behar da. Zentzu horretan, immigranteak kriminalizatzeari utzi behar diogu eta berdintasun printzipioa bermatu behar da. Izaera soziala eta politikoa duen fenomenoa da immigrazioa.

Eta horren ondotik etorriko al da gizartean immigrazioaz dagoen irudia aldatzea?

Europako agintariek kultur aniztasuna oinarri duen hezkuntza programak garatu behar dituzte; horrela beste kulturen ezagutza sustatu eta aurreritzien eta bazterkeriaren oinarri diren arrazakeriari eta xenofobiari aurre egingo zaio. Agintariek eskubideak dituzten pertsonak balira bezala tratatu behar dituzte immigranteak: lana, osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta giza laguntza jasotzeko eskubidea duten pertsona gisa, hau da, duintasuna bermatu behar zaie. Europako agintariek herritarrei azaldu behar diete euren arazoen jatorria, langabeziaren arazoa, adibidez, ekonomia neoliberalaren globalizazioan dagoela eta ez direla immigranteak egoera horren erantzuleak. Immigranteak neoliberalismoaren aurreneko biktimak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.