Immigrazioaren aferan «konpromiso berria» aurkeztu dute Rabaten

Kontrol neurriak eta garapena uztartu nahi dituzte Europa eta Afrikako agintariek elkar hartuta

arantxa iraola
2006ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Immigrazioak dakartzan arazoei eta aukerei aurre egiteko «konpromiso berria» aurkeztu zuten atzo Rabaten elkar hartuta Europa eta Afrikako agintariek. Immigrazioa eta Garapenari buruzko Konferentzia bukatu zuten, eta ekintza plan bat eta deklarazio politiko bat publiko egin zituzten emaitza gisara. Bileraren fruitua, gauzak egiteko era berri bat izango dela esan zuten, eta «Rabateko izpirituak» bultzatuko duela.

Taib Fassi Fihri Marokoko Atzerri ministroak eman zituen atzo konferentziaren nondik norakoak. «Arrakasta metodologikoa izan da, bai eta kontzeptuak argitzekoa ere. Orain, mahai gainean jarri ditugun erabakiak hartu behar ditugu». Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroa ere baikor agertu zen bilerak eman duen fruituarekin. Rabaten egunotan immigrazioaren gaiaren inguruan landu duten «begirada berriak» emaitza oparoa emango duela esan zuen, eta «politika berri batek» behar duen bultzadaizango dela.

Garapena, legez kanpoko immigrazioaren aurkako borroka, eta legezkoaren sustapena. Hiru oinarri horiek izan behar dituzte, Rabaten elkartu diren agintarien ustetan, etorkizunean immigrazioa arautzeko erabiliko diren legeek. «Hiruki horrek orekatua izan behar du, hiru angeluek garrantzi berbera dute, eta, ondorioz, arreta berbera merezi dute», esan zuen atzo Frantziako Gobernuko Europako Gaietarako ministro Catherine Colonnak. «Horixe da konferentzia honen ekarpenik handiena».

AKORDIOAK SUSTATZEKO ASMOZ. Etorkin joandako pertsonak berriz ere beren herrialdeetan hartzeko akordioak sustatu nahi dituzte publiko egin duten ekintza planean. «Sistema eraginkorrak» bultzatu nahi dituzte horretarako, beti ere giza eskubideak eta pertsonen duintasuna bermatuko direla nabarmenduz. Etorkin horiei, berriro ere beren herrialdeetara itzultzean, birgizarteratzen lagundu behar zaiela gogorarazi dute.

Ekintza planak, halaber, polizien eta epaileen arteko harremanak sustatuko ditu, batez ere legez kanpoko immigrazioan diharduen trafikoaren kontra. Informazio kanpainak ere egin nahi dira etorkin gisa bide klandestinoetatik iristea zeinen arriskutsua den gogora ekartzeko.

Legez etorkin gisara heltzen diren etorkinen kasuan, ekintza planak dio, etorkinak formazio jakin bat izatea komeni dela, horrela errazago gizarteratzea lortuko dutelako. Halaber, harrera egiten dien herrialdeko «balioak eta hizkuntza» ezagutzea komeni dela gogorarazi dute. Behin herrialde horietan daudenean, etorkinen integrazioa taxux sustatu behar dela nabarmendu dute, eta hezkuntza eta gainerako zerbitzuak esku-eskura izan behar dituztela, gainerako herritarrek bezala. Beren egoera hobetze aldera, halaber, sorterrira dirua bidaltzeko bankuan egiten dituzten operazioak merkeagotzeko neurriak proposatu dituzte.

Ekintza guzti hauek martxan jartzeko finantziazioa emateko prest dago Europako Batasuna (EB).Horrretarako, aurrena, egoki diren baliabide instituzionalak zerrendatuko dira, eta bakoitzak zer erabilera izan dezakeen aztertuko da. Propio jarduera hauetarako baliabide berriak martxan jartzea ere ez dute saihestu, eta denen artean horiek finantzatzeko ahalegina egiteko borondatea erakutsi dute.

Nolanahi ere, publiko egin duten ekintza planak ez du berrikuntza handirik ekarri. Ekainaren 5ean Dakarren hainbat agintarik onartu zuten zirriborroaren oso antzekoa da.

GARAPENA AHAZTU GABE.Arrantza, nekazaritza, turismoa, artisautza... Badira zenbait sektore taxuz artatzen badira herrialde behartsuetan lanpostuak sortzeko egokiak, eta garapena bultzatzen lagun dezaketenak. Horregatik, sektore horietara begira, kooperazio egitasmoak martxan jartzeko asmoa erakutsi dute. Beren herrialdeetan geratzeko motibazioa eman nahi zaie alde egitekotan dabiltzan etorkinei.

Ekintza planarekin batera atzo publiko egin zuten deklarazioanestatu ororieskatu dieteplanean aipatutako politikak martxan jartzeko urratsak egiten hasteko. Gaiaren jarraipen gertukoa egingo dutela esan dute, eta bi urteren buruan berriro ere Afrika eta Europakoagintariak elkartuko dituen konferentzia egingo dela. Zer urrats egin diren aztertuko dute orduan.

Deklarazioaren arabera, immigrazioaren aferan aurrera egiteko ezinbestekoa da etorkinak jasotzen dituzten herrialdeek etorkin horien jatorrizko herrialdeekin harremanak hastea. Halaber, Europako Batasuneko herrialdeek gaiaren gaineko gogoeta sustatu behar dutela esan dute, eta bide propioa eta bateratua bilatu behar dutela.

Kontrol neurri zorrotzagoak Kanarietan

Datorren astean, hilaren 18an eta 19an, hasiko da Kanariar Uharteetan FRONTEX Europako Mugen Agentzia, mugak kontrolatzen. EB Europako Batasuneko Justizia eta Barne ministroen Kontseiluak uztailaren 24an erabakiko du uharteetako kontrol neurriak gogortu behar dituzten. Adan Martin Kanarietako presidentea atzo bildu zen Europako Segurtasun, Askatasun eta Justizia komisario Franco Frattinirekin. Kanarietako presidentearentzat oso garrantzitsua da itsasoko eta aireko kontrol neurriak mantentzea. Presidentearen ustez, arazoa konpondu arte mantendu behar dira kontrol neurriak mugetan. Bestalde, bakarrik etortzen diren adin txikiko atzerritarren arazoa nabarmendu du Martinek, eta Europa eta Afrikari laguntza eskatu die arazo horri irtenbidea aurkitzeko. Haren iritziz, atzerritar gazte horiei estatusjakin bat eman behar zaie: «Heziketa bermatuko dien estatusa. Era horretan, beren herrialdeen garapen prozesuan lagunduko dute». Horretaz gain, Afrikaren garapenerako daukan konpromisoa indartzeko, eta Europako enpresei Afrikan inbertsioak egitea bultzatzeko eskatu die Europako Batasuneko agintariei.

araudiak

Uholdeari aurre egiteko ahaleginakEspainia. 2003an akordioa lortu zuten PSOEk eta PPk Atzerritarren legearen inguruan. Poliziari udaletako erroldetako informazioa lortzeko ateak irekitzea ahalbidetu zuen, eta etorkinen familiak elkartzeko politikak nabarmen gogortzea. Iaz etorkinen erregularizaziorako ahalegina egin zen, lan kontratua zutenei ateak irekiz. Kontratu irregularrak egiten dituzten enpresaburuei zigorra jartzeko aukera ematen du legeak. Afrikakoak eta Hego Ameriketakoak dira etorkin gehienak. Kanariar Uharteak dira etorkin askorentzat Europarako atea. Asko Espainian geratzen dira.

Frantzia. Lehentasun bihurtu dute azken urteotan legez kanpoko immigrazioaren aurkako borroka. 2003an onartutako legea dute indarrean. Etorkinen etorrera kontrolatzeko neurriak zorroztu egin dituzte: propio Frantzian geratzeko egindako ezkontzak, esaterako, zailagoak dira orain. Turkia, Kongo, Aljeria, Txina, Serbia eta Montenegrokoak dira etorkinik gehienak.

Erresuma Batua. 2002an onartutako legea dute indarrean. Frantzia eta Belgikako mugak gotortu egin dituzte. 50.000 etorkinen egoera arautzeko asmoa erakutsi dute, baina Erresuma Batuan hiru urte baino gehiagodaramatzatela erakutsi beharko dute. Gainerakoan arauak gogortzeko asmoa dute. Iran, Somalia, Pakistan, Zimbawe, Txina eta Pakistangoak dira etorkin gehienak.

Alemania. 2004an ezarritako legea dute indarrean. Aurrekoa baino gogorragoa da, eta zorroztu egiten ditu Alemanian bizi nahi duten pertsonen baldintzak. Espetxe zigorra izan dutenak, esaterako, kanporatu egin daitezke. Turkia, Serbia, Montenegro, Errusia eta Vietnamgoak dira gehienak.

Italia.Bossi-Fini legea 2002. urtekoa da. Mugetan polizi kontrolak ugaritu egin dituzte, eta etorkinak iritsi ahala kanporatzeko neurriak ohikoak dira orain. 2003an erregularizazio prozesu handia jarri zuten martxan, lan kontratua zuten etorkinei bertan geratzeko ateak irekiz. Lan kontraturik ez dutenak, ordea, ez dituzte nahi. Sri Lanka, Irak, Jugoslavia ohiko herrialdeetakoak eta Turkiakoak dira etorkinik gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.