AEB-ak

'Impeachment'-a bukatu da, eta libre utzi dute Trump

AEBetako presidenteak estatuaren egoera aztertzeko hitzaldi bat egin du, hauteskunde kutsu betearekin. Impeachment prozesua bukatu da, eta Senatuak Trump libre utzi du leporatu dizkioten bi akusazioetatik.

Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 5a
09:31
Entzun

AEBetako estatuaren egoerari buruzko hitzaldiaren iskanbilaren ostean iritsi da Senatuaren txanda. Irailaren 25ean hasi zen AEBetako presidentearen aurkako epaiketa politikoa ere gaur bukatu da. Zigortzeko, senatarien bi herenek eman behar zuten Trumpen aurkako botoa, baina ez da halakorik gertatu. Bi akusazio egin zizkioten: botere gehiegikeria eta Kongresua oztopatzea. Salaketa bakoitzari buruz, alde edo kontra, banaka bozkatu dute senatariek, eta errepublikano bakarrak eman du bere presidentearen kontrako botoa, botere abusuaren salaketan: 52 aurka, 48 alde. Kongresua oztopatzearen akusazioaz, berriz, 53 aurkako boto izan dira, eta 47 aldekoak. Trumpek bidea libre du kanpainarako.

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde kanpainaren atarian, geroz eta nabarmenagoa da demokraten eta errepublikanoen arteko tentsioa. Hauteskunde giro bete-betean dabiltza dagoeneko. Senatuan impeachment-a bertan behera utzi aurretik, AEBetako presidenteak urtero eskaintzen duen estatuaren batasunaren egoeraren diskurtsoan, oso modu sinbolikoan irudikatu dute egoera Donald Trumpek eta Nancy Pelosik: AEBetako presidenteak uko egin dio Ordezkarien Ganberako burua agurtzeari, eta hark, berriz, Trumpen diskurtsoa idatzia zuten paperak hautsi ditu presidenteak haren agerraldia amaitu bezain pronto. Pelosi demokrata izan zen Trumpen aurkako impeachment prozesuaren bultzatzaile nagusietako bat, eta, esan duenez, presidenteari egin dion keinua egin zezakeen «gauzarik dotoreena izan zen, beste aukerak kontuan hartuta».

Gobernuaren norabidea aztertzeko saio baten itxura baino gehiago, kanpainako ekitaldi baten itxura izan du Trumpen diskurtsoak. Hiru urtean «Amerika berreraikitzea» lortu duela esan, eta etorkizunera begira bukatu du: «Onena iristeko dago». Politikari trebea da ikuskizunaren munduan, eta haren agintaldiaren indargune nagusi izan direnak nabarmendu ditu.

Trumpek harro hitz egin du «legez kanpoko migrazioaren aurka» hartu dituen neurriez: «Orain, gure herrialdera modu ilegalean baldin bazatoz, kanporatua izango zara». Paperik gabeko migratzaileek «odol hotzez» egindako krimen batzuk zerrendatu ditu, eta lotura egin du migratzaileen eta delinkuentziaren, drogen eta «terrorismoaren» artean. Mexiko eta AEBak zatituko dituen harresiaz ere jardun du: azken hiru urteetan 165 kilometro inguru eraiki dituzte, baina, 2020. urtea amaitzerako, 800 kilometrora iritsiko dira. Mugako 3.170 kilometroetatik 1.400 kilometrok izango dute harresia. Trumpen arabera, legez kanpoko immigrazioa %75 murriztu da joan den maiatzetik.

Ekonomia izan da hitzaldiaren beste ildo nagusia. «Inoiz baino hobeto dago AEBetako ekonomia». Trumpek emandako datuen arabera, azken hiru urteetan 2,4 milioi lanpostu berri sortu dituzte, eta afro-amerikarren eta hispanoamerikarren langabezia tasak inoiz baino txikiagoak dira. Haren ustez, «AEBetan inoiz egin den zerga erreformarik handienaren emaitza» dira datuok.

Osasunari dagokionez ere, inor hotz utzi ez zuten esaldiak bota ditu Trumpek: «Sozialismoak ez du AEBetako osasun sistema amaiaraziko». Botiken prezioa jaisteko asmoz enpresa farmazeutiko handiekin borrokan ari dela ere esan du, Alderdi Demokratako kideen irribarreen artean, eta Kongresuari eskatu dio abortuak mugatzeko lege bat onartzeko: «Gizaki bakoitza Jainkoaren opari sakratu bat da».

Guaido, gonbidatua

Hilabete gutxi barruko hauteskundeei begira, atzerri politika da Trumpi babesa bermatzen dion aldagaietako bat —azken inkesten arabera, presidentearen onarpen maila gorenean dago—. Nazioartean zenbait mugimendu egin ditu azken hilabeteetan, eta guztiak izan ditu ahotan gaurko hitzaldian: Qassem Soleimani Irango jeneralaren hilketa; Mexiko eta Kanadarekin sinatutako itun komertziala; eta Txinarekin adostutako bake komertziala.

Saioko protagonista, ordea, Venezuela izan da: Trumpen hitzaldian izan da Juan Guaido, eta txalo zaparrada bat jaso du presidenteak erreferentzia egin dionean. Trumpen iritziz, Guaido da «Venezuelako presidente legitimo bakarra», eta ez Nicolas Maduro «diktadore sozialista». Trumpek, gero, Etxe Zurian egin dio harrera; Guaidok munduan babes bila egin duen biraren azken geltokia izan da Washington.

Guaidori eskainitako aitorpen hori izan da saio osoan demokratek eta errepublikanoek bat egin duten une bakarra. Demokraten hainbat ordezkarik gogor kritikatu dute Trumpen hitzaldia, eta albiste faltsuak zabaltzea ere egotzi diote. Batek baino gehiagok presidentea hizketan ari zela alde egitea ere erabaki du; besteak beste, Tim Ryan demokratak: «Atera egin naiz eztabaidatik. Nahikoa izan dut. Borroka libre profesionala ikustea bezala da. Dena gezurra da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.