Iraken okupazioa

Inbasioaren bigarren urteurrena betetzear denean, atzerriko 180.000 soldaduk jarraitzen dute Iraken

Bihar beteko dira bi urte AEBek gidatutako Koalizioak Iraken inbazioa hasi zuela, eta denbora horretan Saddam Husseinen erregimena menderatzea eta hauteskundeak egitea lortu duten arren, oraindik atzerriko 181.000 soldaduk jarraitzen dute Irakeko lurretan. Halaber, erreboltarien indarkeriazko ekintzek ez dute amaierarik: gaur bertan, bi atentatu izan dira, eta horietako batean Irakeko Poliziako lau kide hil dituzte. Euskal Herrian, Donostian, 17:30etan manifestazioa abiatuko da okupazioaren aurka protestatzeko.

2005eko martxoaren 19a
16:14
Entzun
Bi atentatu izan dira gaur Iraken: bat Ramadin eta beste Kirkuken. Ramadin suizida batek bonba-auto bat leherrarazi du AEBetako konboi bat igarotzen ari zen unean. Suizidaz gain beste inor hil den ez dute argitu iturri ofizialek.

Kirkuken, berriz, atzo beste eraso batean zendu zen Irakeko Polizia baten hiletetan lehergailu bat eztandarazi dute, eta gutxienez lau lagun hil ditu, guztiak poliziak. Halaber, gutxienez, zazpi zauritu ditu.

Horrenbestez, AEBek gidatutako Koalizioaren erasoaren hasieraren bigarren urteurrena bihar betetzen den arren, indarkeria giroa ez da baretzen. Horren seinale da, besteak beste, oraindik atzerriko 181.000 soldadu daudela Irakeko lurretan; zehazki estatu hauetakoak: AEB (153.000), Erresuma Batua (12.400), Hego Korea (3.600), Italia (3.169), Polonia (1.700), Ukraina (1.450), Georgia (898), Errumania (730), Japonia (750), Danimarka (496), Bulgaria (450), El Salvador (380), Australia (920), Herbehereak (200-800), Mongolia (180), Azerbaian (151), Letonia (122), Txekia (110), Eslovakia (105), Albania (71), Estonia (55), Armenia (46), Mazedonia (33), Kazajstan (29), Norvegia (10), Singapur (180) eta Fiji (150).

Nolanahi ere, inbasioa hasi zenetik hamaika estatuk tropak erretiratzea erabaki dute; honakoek: Espainiak,Nikaraguak, Dominikar Errepublikak, Hondurasek, Filipinek, Thailandiak, Zeelanda Berriak, Hungariak, Tongak, Portugalek eta Moldaviak. Halaber, Italiak, Herbereek, Ukrainak, Norvegiak eta Singapurrek soldaduak ateratzea erabakita daukate. Aukera hori aztertzen ari dira Polonia eta Lituania.

Manifestazioak mundu osoan

Inbasioaren bigarren urteurrena betetzen dela eta, mundu osoan protestak egiten ari dira okupazioaren kontra. Erresuma Batuan, esate baterako, milaka lagun atera dira kalera Stop the War (Gerarazi gerra) elkarteak antolatutako protestetan. Ekitaldi nagusia Londresen egingo dute arratsaldean, eta 100.000 lagun inguru batzea espero dute antolatzaileek.

Euskal Herrian, Donostian, Bulebarretik abiatuko da manifestazioa arratsaldeko 17:30etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.