Saddam Husseinen gobernuaren eta Al Kaedaren artean harreman zuzenik ez zegoela ebatzi berri du AEBetako Gobernuak. Irakeko buruzagiei atzemandako 600.000 dokumentu baino gehiago arakatu eta Husseinen burukide ohiak galdekatzen milaka ordu igaro ondoren heldu dira ondorio horretara. Irailaren 11ko atentatuen ikerketa ere ondorio horretara heldu zen lehenago. Hala, baliogabetuta gelditu dira Nazio Batuen Erakundearen baimenik gabe Irakeko inbasioa bideratu zuten aitzakiak. Irakek suntsipen handiko armak ez zituela aitortu behar izan zuen lehenago Azoreetako hirukoak. Bitartean, herrialdean giza hondamendia sortu dute AEBek eta Erresuma Batuak zuzendutako tropek.
Behinola Tigris eta Eufrates ibarren inguruan lehen zibilizazioen sorleku izan zen herrialdea munduko borroka leku odoltsuenetakoa bilakatu da egun. Berriki Opinion Research Business Londresko erakundeak plazaratutako ikerketaren arabera, milioi bat irakiar inguru hil dira azkeneko bost urteetan. Saddam Husseinen erregimen antidemokratikoaren atzaparretatik askatu nahi omen zuten estatua gerraren bultzatzaileek, eta giza eskubideen begirunea bermatu.Oso bestelakoa da errealitatea.
Inbasioaren bidetik Estatuaren oinarriak desegin dituzte eta gerra zibila piztu dute alderdi eta giza taldeen artean. Herrialdeari buruzko erabakiak nahierara hartu dituzte atzerritarrek, eta gizartea amaigabeko indarkeria kiribilean murgildu dute. Urte askoan ekonomia babes politiketan ohitu ondoren, merkatu ekonomiaren lehia ankerrera pasarazi dute, salerosketa suspertzeko aitzakian. Munduko hirugarren petrolio biltegia dute orain eskuetan atzerriko potentziek, dena dela.
Legebiltzarrerako bozak 2005. urtean izan ziren, eta prozesuaren zilegitasunaz zalantzaugari piztu zuten. Konstituzioa hitzartzeko bidea ere malkartsua izan zen eta gizartea zatitu egin zen. Nahiz eta gehienek Konstituzioari uko egin zioten, lege bilduma indarrean sartu zen. Nuri al Maliki lehen ministroaren aginte konstituzionala ekarri zuen 2006. urteak, betiere AEBen babesean. Irakeko Parlamentua Bagdaden herrialde horrek duen enbaxadaren ondoan da, Eremu berdea segurtasun gunean.
Irakiarrei beren iritziaz galdetu zaien aldiro, gehiengo osoz esan dute nazioarteko indarrak alde egitea nahi dutela. AEBetako Gobernua buruzagi irakiarrekin hasi da negoziatzen bitartean, AEBetako soldaduen luzerako presentziaren inguruan. William Fallon almiranteak, Irakerako eta Afganistanerako AEBen arduradunak, dimisioa eman du asteon, adituen arabera George Bush presidentearen erabakiekin bat ez datorrelako. Hasieran inbasioa baimendu ez zuen arren, NBEren Segurtasun Kontseiluak okupazioa zilegitu zuen gero, boterea irakiarrei ahal bezain laster itzultzeko baldintzarekin. Bi aldiz luzatu duen mandatua aurten amaituko da.
INBASIOAREN AURKAKO MARTXAK. Atzerritarren sarraskiek inbasioaren aurkako erresistentzia sendotu dute, eta gizarte talde bakoitzak alderdi armatua sortu du bere helburuen bila. Sarritan zibilak dituzte helburu atentatuetan, eta gizateriaren aurkako krimenak direla salatu du NBEk. Ongi prestatutako ekintzaileen aurrean, AEBetako lau mila soldadu inguruk galdu dute bizia Iraken. Moktada Al Sadr buruzagi erlijioso xiitaren aldeko Mahdiren Armadak su-etena emateak indarkeria zerbait apaldu du.
Dena den, NBEk atzo argitaratu zuen txostenak dio Mosulgo iparraldeko probintzian eta ekialdean, Dijalan, egoera ezin beltzagoa dela. Emakumeen eta presoen egoera kezkagarriaz ere ohartarazi du NBEk. AEBek Bagdad bonbardatzen hasi zirela bost urte betetzear direnean, okupazioaren aurkako manifestazioak egin zituzten atzo milaka pertsonak munduan zehar. Iruñean eta Bilbon ere izan ziren.
Inbasioaren ondorio lazgarriak
Irakeko gerra hasteko egin zituzten bi salaketa nagusiak okerrak zirela onartu dute AEBek, bost urte geroago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu