Indar erakustaldia egin du Chavezek bozetarako hautagaitza erregistratzeko

Hirugarrenez aurkeztuko da Venezuelako presidentetzara; 2018ra arte agindu nahi du

Erredakzioa
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
«Caracasek gainezka egin dezala», eskatu zuen Hugo Chavez Venezuelako presidenteak, eta goizean goizetik bere jarraitzaileek gorriz jantzi zuten hiriburua. «Pozaren eguna» izan zen atzokoa Chavezentzat, bere hautagaitza —aberriaren hautagaitza presidentearen hitzetan— erregistratu baitzuen hirugarrenez presidentetzarako bozetara aurkeztu ahal izateko. Oposizioaren aurrean indar erakustaldia egiteko baliatu du presidenteak izen ematea.

Urriaren 7an egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Venezuelan, eta inkestek guztietan garailetzat jotzen dute Chavez. Oposizioko hautagai Henrique Caprilesi abantaila handia ateratzen dio. Bost puntuko aldea ematen diote aurkariek, eta 30ekoa, berriz, aldeko inkestek. Hori horrela, 2018ra arte agintaldia luzatzeko aukera esku-eskura dauka presidenteak

Herenegun Caprilesek eman zuen izena CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalean. Milaka jarraitzailek inguratuta egin zuen honek ere CNEren egoitzarako bidea. Milioi bat lagun baino gehiago kalera atera zirela esan zuen Caprilesek berak, eta urrian «venezuelar guztien presidentea» izango zela hitzeman zien bertan bildutakoei. Venezuelako gizartearen «zatiketa» gaindituko duela hitzeman zien Caprilesek bere jarraitzaileei, eta bozetan bi bizimoduren artean aukeratu beharko zutela gaineratu zuen.

Chavezen osasuna

Iaz minbizia zuela onartu zuen Chavezek eta Kuban artatu dute hilabete hauetan. Presidentearen esanetan erabat osatuta badago ere, haren osasunaren inguruan zurrumurru ugari zabaldu dira, eta are gehiago hauteskundeak gerturatu ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.