TeleSur telebista katean eginiko elkarrizketa batean, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak azaldu du Hugo Chavez presidentea "indar erraldoiarekin" ikusi duela hari eginiko bisitan, eta nabarmendu du Chavezek "betiko indarrarekin" egin diola aurre minbiziari. "2012 hasieratik, Chavez presidenteak betiko indarrarekin egin dio aurre osasun egoera konplexu bati", esan du.
Kuban da Chavez, han egin baitzioten ebakuntza iazko abenduaren 11n, eta bisitan joan zitzaion Maduro. "Bitan ikusi ahal izan nuen, harekin hitz egin nuen. Erabat jabetzen da ebakuntza osteko prozesu konplexuaz, eta eskatu zigun herriari beti egiazko informazioa emateko, gordina balitz ere", azaldu du presidenteordeak.
Gainera, sare sozialetako eta oposizioaren aldeko hedabideetako "esamesa eta gezurrei" entzungor egiteko eskatu du Madurok: "Izan konfiantza eta segurtasuna uneoro ematen ari garen informazioengan". Maduro gaur itzuliko da Venezuelara; adierazi du iraultza Bolivartarrak "inoiz baino indar politiko eta espiritual handiagoa" duela.