Kataluniako erreferenduma

Indarkeria eta baiezkoaren garaipena nazioarteko prentsan

Polizia oldartzen eta herritarrak bozkatzen, irudi horiek ageri dira munduan gehien irakurtzen diren egunkarietako azaletan. Kataluniari begira jarri dira, besteak beste, Libération, Financial Times eta The Guardian.

jarraia145798.jpg
2017ko urriaren 2a
08:44
Entzun

Erreferendumaren emaitza bainoago, Espainiako Gobernuak hartutako jarrera dute hizpide gaur nazioarteko egunkari gehienek. Badira gogorarazten dutenak erreferenduma "bermerik gabe" egin zela eta "legez kanpokoa" zela, baina ororen gainetik Madrilen erantzuna salatu dute ia guztiek.

Benetan ikusgarria da Frantziako Libération egunkariak azalerako aukeratu duen irudia. "Indarrezko kolpea" tituluaren gainean ikus daiteke herritar bat poliziaz inguratuta. Editorialean, berriz, Rajoyk porrot egin duela iritzi dio kazetak: "Zer zerabilen buruan Espainiako Gobernuko presidenteak pentsatu zuenean batzuentzat legez kanpokoa zen erreferenduma geldiarazteko onena indarra erabiltzea zela?".

"Katalunia, gomazko jaurtigaiak, oldarraldiak eta 800 zauritu: ukabila botoaren aurka", dio Italiako Corriere della Sera egunkariak tituluan. Barruan, berriz, mossoek aurre egin ziotela indarkeriari eta azkenean bi milioi pertsonak lortu zutela bozkatzea, horietatik %90ek independentziaren alde. Ordea, aldi berean, ohartarazten du "berme eta lizegitasunik gabeko" bozketa izan zela atzokoa. "Ez zegoen oposizioko ikuskatzailerik, ez egiazta zitekeen hauteskunde zerrendarik, ezta ezkutuan bozkatzeko txokorik ere. Atzokoa aspaldian aitortza bila zebilen Kataluniako gizartearen zati baten adierazpena izan zen".

Espainiako Polizia ageri da Financial Times-en azaleko irudian ere. Bertan, bozkalekuak babestera joandako jendea indarrez ateratzen ari da polizia. "Polizia indarrez sartu da bozkalekuetara, eta ehunka lagun zauritu ditu", dio tituluak, eta beherago zehazten du independentzia aldarrikatzeko bidean dela Carles Puigdemont presidentea.

Polizia bat borra eskuetan eta jotzeko prest ageri da Erresuma Batuko The Guardian egunkariaren azalean, eta ehunka zauritu izan direla nabarmentzen du horrek ere. Gertatutakoak Espainiaren porrota adierazten duela dio kazetak editorialean: "Independentziaren aurka zeuden edo harekiko jarrera argirik ez zuten katalan askok egin dute bat mugimenduarekin. Izan ere, nork egon nahi du halako estatu baten menpe?, galdetzen diote askok euren buruari".

Oso bestelako irakurketa egiten du Espainiako El País egunkariak. Hark ere azalera eraman ditu istiluak; baina argazkian ez da poliziaren oldarraldirik ikusten, herritarrak baizik, poliziek osatutako hesia hautsi nahian. Ez tituluan ezta azpitituluetan ere ez dute zaurituei buruzko aipamenik egiten. Aldiz, zehazten du "mossoen pasibotasunaren aurrean" Poliziak eta Guardia Zibilak esku hartu "behar" izan zutela. Eta, editorialean, hauxe: "Matxinadaren aurrean legea, baina ez legea bakarrik. Rajoyk argitu behar du zer egiteko prest dagoen estatu honek eta bere 17 erkidegoek etorkizuneko proiektu bat izan dezaten, demokrazian eta elkarbizitza baketsuan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.