Hauteskundeak Indian

Indarkeria giroan hasi dira Indiako hauteskunde nagusietako bozketak

Gaur hasi dira Indiako hurrengo Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeetako bozketak, eta lehen orduetatik indarkeria giroa izan da nagusi. Jammu eta Kaxmirko estatuan ekintzaile islamistek Indiako Armadako soldadu bana hil dituzte boza emateko bi bulegotan, eta beste hainbat zauritu dituzte. Chatisgarh eta Giridih estatuetan ere atentatuak izan dira, eta Poliziaren arabera, erreboltari islamistek egin dituzte. 670 milioi herritarrek dute hauteskundeotan boza emateko aukera. Gaur hasi eta maiatzaren 10 arte egingo dira bozketak, txandaka, bost egun desberdinetan.

2004ko apirilaren 20a
11:04
Entzun
Erasorik larrienak Himalaya mendikatearen ertzean dagoen Jammu eta Kaxmir estatuan gertatu dira: Baramullako barrutiko bozka bulego banatan bi soldadu hil dituzte ekintzaile islamistek. Atentatu horietako bat granadekin egin dute, eta soldadu bat hiltzeaz gain beste sei zauritu dira leherketan. Bestea, berriz, tiroka hil dute bozka bulegoetako bat zaintzen ari zela.

Barruti berean beste eraso bat ere izan da: mina bat lehertu da bozka bulego baterako bidean, eta, ondorioz, polizia bat eta hauteskundeetako hiru agente zauritu ditu.

Jammu eta Kaxmirko estatuan islamistak dira herritar gehienak, eta haietako askok independentzia aldarrikatzen dute, eta beste hainbatek Indiatik askatu eta Pakistanekin lotzea. 1989tik indarkeria giroan bizi dira, eta, orain arte, 65.000 bat dira gatazka horren ondorioz hil direnak.

Hala ere, estatu gatazkatasu horretatik aparte ere izan dira atentatuak. Chatisgarh estatuan —India erdialdean—, bozka bulegoan zaintzen ari ziren bi soldadu zauritu dituzte, ustez, gerrillari maoistek egindako erasoan. Jharjand estatuan, berriz, lau lehergailu indargabetu ditu Poliziak, haietako bat 50 kilokoa.

Bost egun boza emateko

Hauteskundeotan Indiako Legebiltzarreko 543 diputatu aukeratu behar dituzte herritarrek —beste bi presidenteak izendatzen ditu—, eta 670 milioi herritarrek dute boza emateko aukera. Antolaketa errazteko, bost egunetan banatzen dira bozketak: gaur egingo dira estatu batzuetan, hilaren 22an beste batzuetan, hilaren 26a izango da hirugarren boz eguna, maiatzaren 5a laugarrena, eta maiatzaren 10a azkena. Boto guztien zenbaketa maiatzaren 13an egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.