Mundua

Indarkeriaren eraginez ehun mila etorkinek ihes egin behar izan dute Hegoafrikan

2008ko maiatzaren 30a
17:50
Entzun
Ehun mila etorkinek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute azken bi asteetan Hegoafrikan izaten ari diren indarkeria oldarraldien ondorioz, gaur Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) jakinarazi duenez. Horretaz gain, 56 pertsona hil egin dituzte.

UNHCRren arabera, “desplazatu gehienak Mozambike, Malaui eta Afrikako beste herrialde batzuetako paperik ez duten herritarrak” dira. Horietako batzuek euren herrialdeetara itzuli behar izan dute, eta beste batzuk hirugarren herrialde batera joan dira. Iheslarietatik 42.000k barrutietan bilatu behar izan dute arriskutik salbu egoteko tokia eta estalpea.

Errefuxiatu gehienak, berriz, Zimbawekoak, Somaliakoak eta Etiopiakoak dira, eta euren etxeak eta negozioak erre edo lapurtu egin dituzte, UNHCRk dioenez. Hegoafrikan errefuxiatzea edo babes tokia eskatu duten 128.000 lagun daude.

Doudou Diene Nazio Batuetako arrazakeria gaietarako bozeramaileak xenofobia eta indarkeriaren arrazoien inguruan gogoeta egiteko, ikerketa irekitzeko eta arduradunak zigortzeko eskatu dio Hegoafrikako Gobernuari. Iheslariak eta etorkinak gizarteratzeko egitasmoak martxan jartzearen beharra ere ikusi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.