Duela hilabetetik elkartzen dira Parisko Errepublika plazan Nuit Debout (Gaua Zutik) mugimenduko kideak. Gauerdira arte zuten han egoteko baimena, eta gutxira, plaza uzteko intentziorik ez zegoela-eta sartu zen Polizia, eta haserretuei oldartu zitzaien. Negar gasa eta gor uzteko bonbak jaurti zituzten, eta jendea sakabanatzen saiatu ziren. Ekintzaileek botilak jaurtiz erantzun zuten, Le Parisien egunkariaren arabera.
Lan erreformaren aurkako protestak izan ziren egun osoan, eta 124 atxilotu eta 24 polizia zauritu izan ziren.
Martxoaren 31n sortu zuten mugimendua. El Khomri lan erreformaren legearen aurkako protestetan bildutako milaka pertsonak Parisko Errepublika plaza hartu, eta bertan gaua pasatzea erabaki zuten. Horrek eman zion izena mugimenduari: Nuit Debout.
Espainiako M-15en eta AEBetako Occupy mugimenduen antz handia du Parisen sorturikoak. Frantziar erara moldatu dute, halere. Hala dio Nuit Debouten manifestuaren hasierak: "Mugimenduaren balioak askatasuna, berdintasuna, anaitasuna, errespetua, ulermena eta onginahia dira". Lehen hirurak, Frantziako Konstituziotik harturikoak. Hiriburutik hasita hiri ugaritara zabaldu da aldarria.