MUNDUA

Independente izanez gero, Katalunia EBtik kanpo geratuko dela berretsi du Europako Batzordeak

Almuniaren hitzak berretsi ditu Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko eledunak. Espainiako Kanpo ministroak azalpenak eskatu dizkie Lituaniako eta Letoniako enbaxadoreei, bi herrialdeetako lehen ministroek Kataluniako prozesu subiranista babestuz eginiko adierazpenen harira. Lituaniako enbaxadoreak esan du Argidas Butkeviciusen hitzak "gaizki ulertu" zirela.

Pia Ahrenkilde.
2013ko irailaren 16a
19:02
Entzun

Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehiakortasun komisarioak azaldu duenez, Europako Batasuna "kezkaz" jarraitzen ari da Kataluniaren prozesu subiranista. Zentzu horretan, garbi mintzatu da: "Banatutako zatia ez da EBko kide". Hala ere, hitz egiteko eskatu die Almuniak Mariano Rajoy eta Artur Mas Espainiako eta Kataluniako gobernuetako presidenteei.

Almuniaren hitzak berretsi ditu Europako Batzordeko bozeramaile Pia Ahrenkildek: "Gure presidenteordeak esandakoa gure ildotik doa; alegia, estatu kide bateko lurralde batek estatu horren parte izateari uzten badio, lurralde independente berri bat bihurtzen da, eta bertan ez daude indarrean EBko hitzarmenak".

Ser irrati kateak irailaren 11n argitaratutako inkesta baten arabera, %47,4k bozkatuko lukete independentziaren alde Katalunia Europako Batasunetik kanpo geratuko balitz.

Iragan astean, Letoniako lehen ministro Valdis Dombrovskisek azaldu zuen Katalunia estatu independente gisa onartzeko prest zegoela; Lituaniako lehen ministro Argidas Butkeviciusek, berriz, esan zuen herri orok duela autodeterminaziorako eskubidea.

Gaur, ordea, atzera egin du Lituaniak. Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroak azalpenak eskatu dizkio Lituaniak Madrilen duen enbaxadore Audra Plepyteri; bileraren ondoren, ohar bat plazaratu du Lituaniako enbaxadoreak, esanaz Butkeviciusen hitzak "gaizki ulertu" zirela. Gaineratu du Espainiako Estatuko "barne arazoak Espainiako Konstituzioarekiko errespetuz" konpondu behar direla.

Letoniako enbaxadore Janis Eichmanisekin ere gaur bildu da Garcia Margallo, Espainiako Gobernuaren kexa ofiziala helarazteko. Eichmanisek iragarri du Letoniako Gobernu bat ohar bat plazaratuko duela Margallorekin eginiko bilkuraren harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.